Mundua -
Hauteskundeak Japonian
Shenzo Aberen koalizioak garaipen irmoa lortu du hauteskundeetan
Lehen ministroaren Alderdi Liberal Demokratak eta Komeito Berria haren bazkide den alderdiak gehiengo zabala berretsi dute.
Erredakzioa
Shinzo Abe Japoniako egungo lehen ministroaren koalizioak nagusitasunez irabazi ditu Parlamenturako hauteskundeak, Parlamentuko eserlekuen bi herenak eskuratuta, bertako hedabideetan argitaratutako datu ofizialen arabera.
PLD Alderdi Liberal Demokratak 291 eserleku eskuratu ditu eta haren bazkide den Komeito Berria alderdiak, berriz, 35. Horrenbestez, gehiengo zabala izango dute datozen lau urteetan ere.
"Bozkatu gaituzten jendeari gugan izan duten konfiantza eskertu nahi diet. Haiei esker egungo administrazioari eutsiko diogu eta gure lanarekin jarraitu ahal izango dugu", adierazi dio NHK telebista kate publikoari. Gaineratu duenez, emaitzek argi erakusten dute boto-emaileek Abenomics proiektuari, ekonomia suspertzeko estrategiari, babesa eman diotela.
Oposizioko alderdi nagusi den Alderdi Demokratikoak (PD) 73 eserleku lortu ditu eta, beraz, 2012ko bozetan izandako emaitza txarrak hobetu ditu; izan ere, orduan boto asko galdu zituen Fukushimako krisiaren kudeaketa zela eta.
Alderdi Komunistak 2000. urteaz inoiz lortu dituen emaitzarik onenak erdietsi ditu, hain zuzen ere, lehen zituen eserlekuak hirukoiztu egin ditu: 8 zituen lehen eta 21 eskuratu ditu.
PRJ Berriztapenaren Alderdiak, berriz, 2012an baino emaitza kaskarragoak lortu ditu: 55 eserleku lortu zituen 2012an eta 41, gaurko bozetan.
Guztira, 104 milioi japoniar zeuden bozetan parte hartzera deituta. Shinzo Abe lehen ministroak hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen Japonia atzeraldian sartu dela eta.
Hauteskundeek, baina, ez dute herritarren interesa bereganatzea lortu; izan ere, parte-hartzea % 52 koa izan da, 2012ko hauteskundeetan baino 6 puntu baxuagoa eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik inoizko baxuena.