Mundua -

Ezbeharra

129 hildako Kongoko Errepublika Demokratikoan, ontzi bat hondoratuta

Gainera, ehun lagun inguru desagertuta daude. Antza denez, ontziaren gehiegizko karga izan daiteke istripuaren eragilea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 129 pertsona hil dira Kongoko Errepublika Demokratikoan, ontzi bat hondoratuta, bertako agintariek berri eman dutenez. Ezbeharra Tanganika lakuan izan da, herrialdearen hego-ekialdean.

"Ontzi pribatu bat zen eta azken informazioen arabera, 221 bidaiari zihoazen barruan, eta horietatik, zoritxarrez, 129 hil egin dira", adierazi dio Laurent Sumba Katanga probintziako Garraio kontseilariak EFE albiste agentziari telefonoz adierazi dionez.

Sumbak azaldu duenez, hildako gehienak emakumeak eta haurrak dira, eta hildakoen kopurua behin-behinekoa dela eta oraindik ere hildako gehiago egon daitezkeela gaineratu du.

Barkuak pertsonak eta merkantziak garraiatu behar zituen Kalemie hiritik Uvira hirir, eta Suma kontseilariak azaldu du gertaturikoa argitzeko ikerketa ireki dutela eta hainbat gorpu aurkitu ezinda dabiltzala.

Antza denez, ontziaren gehiegizko karga izan daiteke istripuaren eragilea.

Ezbeharretik bizirik irten direnak Katanga probintziako ospitalera eraman dituzte.

Kontseilariaren esanetan, Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernua pertsonen eta merkantzien garraioa arautzeko bere esku dagoen guztia egiten ari da gaur bezalako ezbeharretan hildako gehiago izatea saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea