Mundua -
Hilketa AEBn
Pensilvanian sei lagun tiroz hil dituen gizonaren bila dabil Polizia
Irakeko gerran aritu ostean, trauma-ondoko estres jota, erretiratuta zegoen militarra da susmagarria. Emazte ohia eta haren familiako bost kide hil dituela uste du Poliziak.
Erredakzioa
Familia bereko sei kide tiroz hil dituelakoan, gizonezko baten bila dabil Pensilvaniako Polizia. Krimena Montgomeryko konderrian, Filadelfia hiritik gertu, jazo da. Sei lagun hil ditu armatutako gizonak eta beste bat larri zauritu, Pensilvaniako hedabideek zehaztu dutenez.
Polizia Bradley William Stone militar ohiaren bila dabiltza, hura baita hilketaren susmagarria. Stonek 36 urte ditu eta Irakeko gerran borrokatu zuen, trauma-ondoko estresak jota erretiratu zuten arte.
Emaztea hil eta gero, haren familiako beste bost kide hil ditu Stonek: haren ama, amama, ahizpa, ahizparen senarra eta 14 urteko neska bat.
Doylestown inguruko basoetan, Pennsburgen, ikusi dute azkenenekoz militar ohia. Hainbat lekukok gizonaren antza zuen pertsona bat ikusi dute ihes egiten.
"Ez dakigu non dagoen", onartu dio Risa Vetri Ferman konderriko fiskalburuak CNN telebista kateari. Fermanen esanetan, Stone "armaturik dago eta arriskutsua da". Pennsburg inguruak "sakon" miatzen ari direla nabarmendu du fiskalburuak.
Are, inguruko eskolak ohartarazi dituzte eta umeak ikasgeletan geratzeko agindua eman dute.