Mundua -

Kuba

Blokeoaren amaierara arte bide luze eta zaila iragarri du Raul Castrok

Kubako buruzagiak berretsi du haren herrialdeak ez diola sozialismoari uko egingo.

Raul Castro. Argazkia: EFE
Raul Castro. Argazkia: EFE
Raul Castrok ongi etorria egin die Obamak iragarritako aldaketei

0:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Raul Castro Kubako buruzagiak gaur ohartarazi du AEBren blokeoa amaitu arteko bidea "luzea eta zaila" izango dela eta, horregatik, eskatu du nazioarteko eskariek eta AEBko gizartearen eskariek jarraipena izatea.

Kubako Asanblada Nazionalaren aurrean egindako hitzaldian, AEBrekin harremanak berrezarrita, "pauso garrantzitsua" eman dutela azpimarratu du; hala ere, funtsezkoena falta dela adierazi du, hots, blokeo politika horri amaiera ematea.

"Hamarkadetako konfrontazioaren ondotik, prozesu horri boikota egiteko ahal duten guztia egingo dute, probokazioak barne. Gure aldetik, jarrera zuhurra, moderatua eta burutsua, baina irmoa sustatuko dugu", adierazi du.

Bestalde, Castrok berretsi du Kubak ez diola sozialismoari uko egingo, hala eta guztiz ere, berdintasun eta elkarrekikotasun gaietan eztabaidatzeko prest agertu da. "Guk AEBri beren sistema aldatzeko eskatu ez diegun bezala, gure errespeta dezatela eskatzen dugu", nabarmendu du.

Raul Castro Ameriketako hurrengo goi-bilerara joango da

Raul Castrok iragarri du apirilean Panaman egingo den Ameriketako goi-bileran parte hartuko duela. Azaldu duenez, Kubaren parte-hartzea Latinoamerikaren eta Karibeko herrien "adostasunaren" fruitu da.

Apirilaren 10ean eta 11n Ameriketako VII. goi-bilera egingo dute eta bertan izango da, besteak beste, Barack Obama AEBko presidentea. Gainera, Raul Castrok Ameriketako goi-bileran parte hartzen duen lehen aldia izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea