Mundua -
Gertakaria Frantzian
Furgoneta batek 11 persona zauritu ditu merkatu batean, Nantesen
“Ala handia da” oihu eginda antzeko bi eraso egin zituzten iragan asteburuan, Frantzian, baina azken gertakari honek aurrekoekin harremanik ez duela adierazi du Gobernuak.
Erredakzioa
Gutxienez hamaika lagun zauritu ditu gizon batek Nanteseko (Frantzia) Gabon-merkatu batean. Gizonak furgoneta batekin biktimak harrapatu ditu, Ouest France egunkariak jakitera eman duenez. Bost lagun larri zauritu ditu.
Ondoren, gizona bere buruaz beste egiten saiatu da, baina ez du lortu. Hala ere, merkatua hustu du Poliziak.
“Ala handia da” oihu eginda merkatuan sartu dela adierazi dute lehen informazioek, baina berehala gezurtatu du Frantziako Gobernuak. Brigitte Lamy Errepublikako fiskalak erasoaren hipotesia baztertu du.
“Oihua zurrumurrua da, ez du Dijongo gertakariekin loturarik”, baieztatu du Pierre-Henry Brandet Barne Ministerioko bozeramaileak.
Bi eraso
“Ala handia da” garrasi eginda antzeko bi eraso egin zituzten iragan asteburuan, eta horrek urduritasuna zabaldu du Frantzian.
Aurrenekoa Joue-les-Toursen egin zuten, larunbatean. Erasotzailea labana batekin polizia-etxe batean sartu zen eta harreran zegoen poliziari eta beste bi agenteri eraso egin zien.
Bigarren erasoa Dijonen gertatu zen, Frantziako ekialdean. Lagun batek ibilgailu batekin 13 pertsona nahita harrapatu zituen.
Azken kasu honetan motibazio erlijioso edo terrorista baztertu du Fiskaltzak. Erasotzaileak arazo psikiatriko larriak zituela zehaztu du.