Mundua -
Adostasun zabala
Ipar Irlandako bost alderdien arteko akordio ekonomiko eta politikoa
Ipar Irlandarako epe luzerako finantza-plana ezartzen du adostutako bide orriak, eta baita bake prozesuaren zenbait arazori konponbidea emateko ekintza marko bat ere.
Erredakzioa
Peter Robinson Ipar Irlandako ministro nagusiak iragarri duenez, eskualde autonomoaren Gobernuko bost alderdiek akordio ekonomiko eta politiko zabala lortu dute. Horretarako, Londresek eta Dublinek hamaika asteko elkarrizketak behar izan dituzte.
Orain alderdi bakoitzak barne-prozesuetan onartu beharreko epe luzerako finantza-plan bat ezartzen du adostutako bide orriak, eta baita bake prozesuaren zenbait arazori konponbidea emateko ekintza marko bat ere.
“Akordio oso garrantzitsua da”, adierazi du Robinsonek. Hala ere, “oraindik lan asko egiteko” dagoela onartu du. Bestalde, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa “lan egiteko akordio bat lortu izanagatik pozez zoratzen” dago.
Erabakiak hartzeko
Ipar Irlandako ministro nagusiak, Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) buruzagiak eta Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak ituna berresteko eskatuko diete euren alderdietako zuzendaritzei. Horrela, Exekutibo autonomoak erabakiak hartu ahal izatea nahi dute agintariek.
Azken bilera-sorta astelehenean hasi zuten eta 30 orduko iraupena izan du. Azkenean alderdiek akordioa lortu dute.
Ongizate sisteman erreformak aplikatzen hastea ahalbidetuko du akordioak. Orain arte Sin Feinn aurka azaldu da. Era berean, Londresekin adostutako 10 urteko finantziazio eredu bat emango dio akordioak Ipar Irlandari.
Finantza arazo horiei irtenbide bat emanda, bake prozesuan konpontzeke dauden aspektuetan aurrera egiteko aukera emango du adostasunak.
Ia 30 urteko iraupena izan zuen gatazka armatuan gertatu ziren hilketak ikertzeko mekanismo berrien zertzeladak eman ditu adostutako dokumentuak. Eraikuntza publikoetako banderei eta desfile protestanteen antolaketari dagokionez, ostera, ez dute aurrerapausorik eman.