Mundua -
Noraezean zegoen
450 etorkin daramatzan ontzia gauerdian iritsiko da Italiara
Itzalaldi elektriko baten ondorioz itsasoaren erdian noraezean geratu da ontzia, Croton ekialdetik 50 kilometroa eta Leuca Lurmuturretik 40 miliara.
Erredakzioa
Italiako Kostaldeko Guardiak itsasoan noraezean zegoen eta 450 etorkin zituen ontziaren kontrola bere gain hartu du.
Ontzia gauerdian iritsiko da Corigliano Calabro herriko portura.
Itsasoaren erdian geratu zen ontzia, antza, itzalaldi elektriko baten ondorioz. Hainbat komunikabideren arabera, Croton ekialdetik 50 kilometroa eta Leuca Lurmuturretik 40 miliara dago ontzia. Barruan 450 etorkin inguru daude, horien artean 30 emakume eta hainbat haur.
Ostegunean eman zen ezagutzera gertaera eta Kostaldeko Guardiak erreskate lanak koordinatu ditu. Tripulazio berriarekin ontzia portura eramatea da helburua. “Katastrofe bat gertatzeko arriskuaz” ere ohartarazi dute segurtasun indarrek, ontziak harkaitzen aurka talka egiteko arriskua baitago.
Italiako Aire Segurtasuneko helikoptero bat operazioan parte hartzen ari da, eta eguraldi txarraren aurrean ontzia segurtatzeko lanean ari da. Islandiako Tyr patruilaria ere operazioan parte hartzen ari da.
796 etorkin zituen eta motorra blokeatuta zuen beste ontzi bat Italia hegoaldera heldu zen orain bi egun.