Mundua -

Hauteskundeak Kroazian

Grabar-Kitarovic izango da Kroaziako lehen emakumezko presidentea

Kolinda Grabar-Kitarovic kroata kontserbadoreak botoen % 50,4 lortu du eta orain arte presidente izan denak, berriz, bozen % 49,6.

Kolinda Grabar-Kitarovic kroata kontserbadoreak botoen % 51,4 lortu du. Argazkia: EFE
Kroaziak presidentea aukeratuko du

0:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolinda Grabar-Kitarovic NATOko goi-funtzionarioa eta diplomazialari kontserbadoreak Kroaziako presidentetzarako hauteskundeak irabazi ditu, orain arte presidente izan den Ivo Josipovicekin lehia estua izan ostean. Hala, Kroaziaren historian lehen aldiz, emakumezko bat izango da herrialdeko presidente.

Grabar-Kitarovicek botoen % 50,4 eskuratu du, Kroaziako Hauteskunde Batzordeak, botoen % 99 zenbatuta, emandako datuen arabera. Ivo Josipovic egungo presidenteak, berriz, botoen % 49,6 lortu du.

"Demokraziak irabazi du, Grabar-Kitarovic andreak lasterketa demokratikoa irabazi du eta, horregatik, zoriondu egin nahi dut", aitortu du Josipovic egungo presidenteak.

"Etorkizun hobea bermatzeko aukera hautatu dute herritarrek. Kroaziako biztanleak haserre daude egungo egoera dela-eta, eta aldaketa nahi dute", esan du Zeljko Reiner Grabar-Kitarovicen hauteskunde-egoitzako bozeramaileak.

Grabar-Kitarovicek 46 urte ditu, eta Atzerri Gaietarako Kroaziako ministroa izan zen 2005tik 2008ra bitartean. Halaber, AEBetan enbaxadore izan zen 2009tik 2011ra, eta orain arte Harreman Publikoetarako NATOko idazkari nagusia.

Hauteskundeetako bigarren itzuli honetan parte-hartze handiagoa izan da. Hauteslekuak itxi baino bi ordu lehenago, hautesleen % 48k botoa emana zuen jada. Lehen itzulian, berriz, parte-hartze osoa % 47koa izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea