Mundua -
Italia
Giorgio Napolitano Italiako presidenteak dimisioa eman du
Piero Grasso Senatuko presidenteak egingo ditu Errepublikako presidentearen lanak, ordezkoa topatu bitartean.
Erredakzioa
Giorgio Napolitano Italiako Errepublikaren presidenteak dimisioa eman du asteazken honetan, 2014ko abenduaren 31n iragarri zuenari jarraiki. Orduan agertu zuenez, bere adinak eraginda, 89 urte ditu, karguan jarraitzeko "zailtasunak eta mugak" ditu.
Goizean sinatu du Napolitanok dimisioa, Italiako hedabideek jakinarazi dutenez. Piero Graso Senatuko presidenteak egingo ditu Errepublikako presidentearen lanak, Napolitanoren ordezkoa aukeratu bitartean. Italiako Konstituzioaren arabera, 15 egun barru egin behar dute lehen bozketa.
Deborah Serracchiani Renziren Alderdi Demokratikoaren idazkariordeak aurreratu duenez, ez dago hautagai argirik, eta Gobernuak "laugarren edo bosgarren bozketarako akordioa" lortu nahiko luke.
Historia egin zuen presidentea
Ezkerrekoa eta zuhurra, Italiako historian bi aldiz Errepublikako presidente izendatu duten bakarra izan da Napolitano. Napolesen 1925ean jaioa, 2006ko maiatzean aukeratu zuten presidente lehen aldiz; eta bigarrez, 2013ko apirilean.
Goizetik piztu zitzaion politikarekiko grina eta 1945etik Italiako Alderdi Komunistako kide da. 1953an aukeratu zuten diputatu lehen aldiz eta 1996ra arte izan diren legegintzaldi guztietan hautatu dute.
Besteak beste, europarlamentario, Italiako Ganberaren presidente, Barne ministro eta Italiako senatari izan da Napolitano. Politikan aritzeaz gain, idazle lanetan ere ibili da, eta 10 bat izenburu sinatu ditu.