Mundua -

Polizia operazioa

Belgika: 'Poliziak jomuga zuten zelulak desegin ditugu'

15 lagun atxilotu zituzten atzo Belgikan, terrorismoaren aurka poliziak egindako operazioan. Horrez gain, poliziek arma eta lehergailu ugari atzeman zituzten.

Jihadistek poliziak kalean eta komisarietan hiltzeko asmoa zuten

01:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 lagun atxilotu zituzten atzo Belgikan, 13 Belgikan eta beste bi Frantzian, terrorismoaren aurka Poliziak egindako operazioan. Horrez gain, poliziek arma eta lehergailu ugari atzeman zituzten.

“Poliziak jomuga zuten zelulak desegin ditugu”, adierazi du gaur Thierry Werts Belgikako Fiskaltzako ordezkariak.

Polizia-operazio horretan bi pertsona hil eta beste bat larri zauritu ziren.

Fiskaltzako ordezkari Eric Van der Syptek adierazi du atzoko operazioan "12 sarekada" egin zituztela Belgikako hainbat hiritan. Atxilotu batzuk Siriatik etorri berriak zirela gaineratu du, baina ez du kopururik ez izenik zehaztu nahi izan.

Sarekadetan, lau kalashnikov, lehergailuak eta munizioa atzeman zuen Poliziak.

Horrez gain, sakaleko telefonoak, irratiak eta walkie talkiak ere atzeman dituzte, baita dokumentu faltsuak eta diru kopuru “handia”. Polizia-uniformeak ere aurkitu dituzte.

Atzoko operazioan hil ziren bi pertsonen nortasuna ere ez dute oraindik zabaldu.

Belgikako Fiskaltzaren arabera, Verviersen eta Vilvoorden egindako operazio zabalarekin "berehala egitekoak ziren atentatu terrorista handiak galarazi" dituztela.

Atxilotuek "minutu luzez" egin omen zuten tiro arma automatikoekin segurtasun indarren kontra, baina ez dute inor zaurtzea lortu.

Fiskaltzak baieztatu egin du guztira dozena bat inguru operazio egin dituela Siriatik itzuli berriak ziren susmagarri batzuen inguruko ikerketaren harira.

Gainera, Fiskaltzak zehaztu du ikerketa Pariseko atentatuen aurretik hasi zela, eta operazioak ez duela zerikusirik eraso horiekin. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak ere esan du Belgikako operazioak ez duela harremanik Frantziako atentatuekin.

Bestalde, Belgikak 2tik 3ra igo du, 4ko eskala batean, alerta maila.

25 lagun atxilotu dituzte

Frantziak eta Belgikak 25 pertsona atxilotu dituzte azken hamabi orduetan jihadisten aurka egindako operazio ezberdinetan. Horrez gain, Berlinen, Alemaniako Poliziak beste bi lagun atxilotu ditu, Estatu Islamiarrarekin harremana dutelakoan.

Bestalde, bere egoitza guztietan segurtasun maila igotzea erabaki du Europar Batzordeak, Belgikako operazioaren ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Belgika bideoak