Mundua -
Frantzia-Erresuma Batua
Tren-zirkulazioa berriz ireki dute Mantxako kanalean
Mantxako kanalaren tunelean zegoen kamioi batek su hartu zuen atzo eta zerbitzua bertan behera geratu zen.
Erredakzioa
Frantzia eta Erresuma Batua elkartzen dituen tuneleko tren-zirkulazioa berriz ireki dute. Bertan behera geratu zen atzo zerbitzua, Eurotunelaren barruan kamioi batek su hartu ondoren.
Eurostar enpresak jakitera eman duenez, gaur bidaiatzeko txartela zutenek arazorik gabe egin ahal izango dute bidaia, trenek 30 eta 60 minutu arteko atzerapena izango duten arren.
Izandako arazoen ondorioz atzo bidaiatu ezin izan zutenek, berriz, geltokietan aldatu beharko dituzte txartelak.
Sutea
Kamioi batek su hartu zuen atzo Eurotunelean eta tren-zirkulazioa bertan behera geratu zen.
Tunelaren Frantziako muturrean zegoen kamioi batek su hartu zuen, eta bertan pilatutako kearen ondorioz, programatuta zeuden tren-bidaia guztiak bertan behera uztea erabaki zuen, Eurostarrek.
Kent konderri britaniarraren Poliziak azaldu zuenez, kanalaren mutur frantziarrean zegoen kamioi batean sutea piztu zen, baina ez zen zauriturik izan. "Sutearen ondorioz, tunelaren alde biak ixtea erabaki dugu", azaldu zion Poliziaren komunikabide bati.