Mundua -
Argentinan
Hilik aurkitu dute Cristina Fernandez salatu zuen fiskala
AMIA mutualitate juduaren aurkako atentatua argitzeko epaiketan fiskal gisa aritu zen Alberto Nisman.
Erredakzioa
Mutualitate judu baten aurkako atentatuan Iran “estaltzeagatik” Cristina Fernandez Argentinako presidentea salatu zuen fiskala hilik aurkitu dute gaur goizean. Alberto Nisman etxean aurkitu dute, buruan tiro bat zuela, Clarín egunkariak jakitera eman duenez.
AMIA mutualitate juduaren aurkako atentatua argitzeko epaiketan fiskal gisa aritu zen Alberto Nisman, eta Argentinako Parlamentuan agerraldia egin behar zuen gaur, Cristina Fernandez de Kirchner presidentearen aurka jarri zuen salaketa azaltzeko.
Atentatuaren ustezko egileak, irandarrak, estaltzea egotzi zien fiskalak Argentinako presidenteari eta Hector Timerman Kanpo Gaietarako ministroari.
AMIAren aurkako atentatua Argentinan inoiz egin den atentaturik handiena izan zen (85 lagun hil eta 300 zauritu zituzten), eta atentatua argitzeko ikerketa ez dute oraindik amaitu.
Bost dira atentuaren ustezko arduradunak, Akbar Hashemi Rafsanjani Irango presidente ohia eta Ahmad Vahidi Defentsa ministro ohia, tartean.
'Zuhurtzia', ikerketa amaitu bitartean
Nismanen heriotza ikertuko duen fiskalak "zuhurtzia" eskatu du, ikerketa amaitu bitartean. "Hilik aurkitu dute. 22 milimetroko pistola bat erabili dute", adierazi du Viviana Fein fiskalak. Gorpua fiskalaren amak aurkitu du, etxe barruan. Egun osoan bere semearen berririk izan ez zuenez, bere etxera joatea erabaki zuen Nismanen amak.
Irango Gobernuko ordezkarien eta Argentinako inteligentzia zerbitzuen arteko grabazioak zeuzkan Nisman fiskalak. Horren arabera, Argentinak eta Iranek hitzarmen bat sinatu zuten, susmagarriak “estaltzeko” xedearekin. Ordainean, bi herrialdeen arteko komertzioa bultzatzea eta petrolioa salerostea adostu omen zuten.
Iragan astean salaketa jarri ondoren, Argentinako Gobernuak bat egin zuen Cristina Fernandez presidentearekin. Izan ere, gezurretan aritzea leporatu zioten Nismani.
Ikerketaren arabera Iran eta Hezbollah daude atentatuaren atzean.
Mehatxuak jaso ditu
Azken egunotan, fiskalak "mehatxuak" jaso zituela salatu du gaur Patrcia Bullrich diputatuak.
"Duela zenbait egun, eraso egingo zutela ohartarazi zidan Nismanek. Baina, auziarekin aurrera jarraitzeko erantzukizun etikoa zeukala gaineratu zuen". Guztira, hamar poliziek babesten zuten.
Buruan jotako tiroak hil du
Gorpuari egin dioten autopsiaren lehenengo txostenean agertzen denez, fiskal argentinarra burua jotako tiro batek hil du, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.
Gainera, gorpuaren azpian zegoen 22ko kalibreko pistolatik ateratako bala izan omen da gizona hil duena.
Fernandezek txostenak desklasifikatu ditu
Bestalde, Cristina Fernandez Argentinako presidenteak AMIAren kontrako atentatua ikertzeko eta presidentea salatzeko erabili zuen inteligentziako materiala desklasifikatzeko baimena eman du.
Oscar Parrilli Inteligentzia idazkariak bi oharretan eman du agindua, Nismanek Justiziari eman zizkion telefono elkarrizketetan "agertzen den inteligentziako kideen nortasuna, ekintzak, gertakariak eta egoerak desklasifikatzeko".