Mundua -
Suizan
Davoseko Foroa hasi da gaur, arrisku geopolitikoak erdigune hartuta
Munduko Ekonomia Foroa larunbatera arte egingo da Suitzan eta bertan 40 estatuburu eta gobernuru baino gehiagok eta ekonomia zein enpresa munduko 1.500 buruzagi inguruk parte hartuko dute.
Erredakzioa
2015eko Munduko Ekonomia Foroa asteazken honetan hasi da Davosen (Suitza) eta larunbatera arte luzatuko da, arrisku geopolitikoak erdigune hartuta. Urteroko hitzordua bilakatu da eta aurtengoa 45. edizioa izango da.
Ekonomia Foroan jorratuko dituzten lau gai nagusiak hauek izango dira: Krisia eta lankidetza, hazkundea eta egonkortasuna, berrikuntza eta industria, eta gizartea eta segurtasuna. Aurtengoa, "Testuinguru global berria" lelopean egingo dute.
Aurtengo bilera ezberdina izango da iazkoaren alderatuta, testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoari dagokionez. Izan ere, Errusiaren eta Mendebaldearen arteko gatazkaren, Siriako gerraren eta Estatu Islamikoaren hedapenaren ondorioz, gai geopolitikoak lehen postuan kokatu dira munduko buruzagien arduren zerrendan.
40 estatuburu
Munduko Ekonomia foroan 40 estatuburu eta gobernuburu baino gehiagok parte hartuko dute, tartean, Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, François Hollande Frantziako presidentea Matteo Renzi Italiako lehen ministroa, Li Keqiang Txinako lehen ministroa, John Kerry AEBko Estatu idazkaria eta Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroa.
Halaber, ekonomia zein enpresa munduko 1.500 buruzagi inguru ere bertan izango dira, besteak beste, Ana Botin (Banco Santander), Francisco Gonzalez (BBVA), Eric Schmidt (Google), Jack Ma Yun (Alibaba Taldea), Bill Gates (Bill Melinda Gates Fundazioa).
Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa, Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroa joango da eta ostiraleko mahai inguru batean parte hartuko du.