Mundua -
Dagoeneko atxilotu dute
Gizon armatu batek Herbehereetako telebista publikoari eraso egin dio
NOS telebista publikoaren langileak egoitzatik atera dituzte. Gaueko albistegiaren emisioa eten behar izan dute.
Erredakzioa
Gizon armatu bat NOS Herbehereetako telebista publikoaren eraikinean sartu da gaur, Hilversumen. Gaueko albistegia egiten ari zirenean gertatu da.
Poliziak erasotzailea atxilotu du dagoeneko, De Telegraaf egunkariak webgunean jakitera eman duenez. Egoitza hustu eta langileak atera dituzte. Emisioa eten behar izan dute.
“Erredakzioa hustu dute gizon armatua sartu eta gero”, azaldu du NOSek bere webgunean. “Erasotzaileak albistegietan zuzenean sartzeko uztea eskatu du”, erantsi duenez.
Polizia eraikina miatzen ari da eta helikopteroak Hilversumen gainetik hegan egiten ari dira segurtasuna bermatzeko.
Jan de Jong NOSeko zuzendariak azaldu duenez, “gizon armatua dagoeneko atxilotu dute, eta eraikinean bahitu batekin sartu da”.
Erasoaren irudiak
Emisioa ia ordubete etenda egon eta gero, Hagako estudioetatik emisioa leheneratu du telebistak.
Albistegietako platora bidean, gizon armatua langile baten hizketan ikusten da NOSek eman dituen irudietan.
Minutu batzuk geroago Polizia erredakzioan sartu da eta arma lurrean uztera behartu du, eta ondoren atxilotu du.
Telebistaren arabera, gizonak pistola isilgailu batekin zeraman eta zaindari bati mehatxu egin dio.