Mundua -
Egipto
Egiptok Peter Greste kazetari australiarra deportatu du
Anaia Musulmanei laguntzea egotzita zigortu zuten, irregulartasunak salatu zituzten epaiketa batean. Bestalde, Mohamed Fahmi kazetaria Kanadara deportatuko dute datozen egunetan.
Erredakzioa
Egiptok Peter Greste Al Jazeera telebista kateko kazetari australiarra deportatu du igande honetan. 2014ko ekainean beste bi kazetarirekin batera kartzela zigorrera kondenatu zuten, herrialdearen irudia kaltetzeagatik eta Anaia Musulmanekin kolaboratzeagatik.
Iturri ofizialek Mena Egiptoko albiste agentzia ofizialari jakinarazi diotenez, Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidenteak Gresteren deportazioa onartu du, eta kazetaria datozen orduetan iritsiko da Australiara.
Al Jazeera telebista kateak "pozik" hartu du erabakia; izan ere, Egiptotik atera ahal izan du ia 400 egunez preso egon ostean.
Ohar batean, telebista kateak adierazi du kazetari australiarrak Egyptair konpainiaren hegazkin bat hartu duela Ziprera eta handik Australiarako bidea hartuko du. Halaber, australiarrarekin batera espetxean dauden Mohamed Fahmi eta Baher Mohamed kazetariak ere aske uztea eskatu du.
Mohamed Fahmi kazetaria aske gelditu daiteke datozen egunetan, Egiptoko goi kargudun batek berri eman duenez. Horren esanetan, Fahmi Kanadara deportatzeko prozesua osatu da.
Al Jazeerako hiru kazetariak 2013ko abenduan atxilotu zituzten Kairoko hotel batean eta 7 eta 10 urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zieten.
Iragan urtarrilaren 1ean, Egiptoko auzitegi batek hiru kazetariren kontrako epaiketa berriz egitea agindu zuen, baina uko egin zion horiek askatzeari.