Mundua -
Brusela
Gizon bat atxilotu dute Europako Parlamentuko alertarekin lotuta
Schulzekin bildu nahi zuela esan du, eta autoan pistola bat eta zerra elektriko bat atzeman dizkiote.
Erredakzioa
Belgikako Poliziak gizonezko bat atxilotu du Europako Parlamentuko bonba alertaren harira. 32 urteko eslovakiarra da atxilotua, eta Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearekin bildu nahi zuela esan du.
Atentatu mehatxua egitea eta baimenik gabe armak edukitzea leporatuta, epailearen esku utzi dute atxilotua, bihar deklarazioa hartzeko zain.
Gizona militarrez jantzita zegoen, eta Schulzekin hitz egin nahi zuela esan die poliziei. Gero, ordea, komisaldegian, ez du hitz egin nahi izan.
Ibilgailu susmagarria
Eslovakiako herritarrak ibilgailu bat zuen, eta bertan pistola bat eta zerra elektriko bat aurkitu dituzte, Europarlamentutik gertu.
Belgikako Defentsa Ministerioko agente bereziak bertaratu dira autoan lehergailurik ote zegoen egiaztatzera, baina ez dute ezer aurkitu bilaketa sakona egin ostean.
Europarlamentuaren zati bat jendez hustu dute badaezpadako neurri gisa, autoa bertatik eraman duten arte.