Mundua -
Japonia
Gizon bat atxilotu dute 100 emakume drogatu eta bortxatzea egotzita
Mediku ikerketa batean parte hartzen ari zirela sinetsarazi zien, eta abusuak bideoan grabatu eta Interneten zabaldu zituen.
Erredakzioa
Japoniako Poliziak gizonezko bat atxilotu du 100 emakume drogatu eta bortxatzea egotzita. Mediku ikerketa batean parte hartzen ari zirela sinetsarazi zien biktimei, eta, drogatu eta bortxatu ondoren, bideoan grabatutako irudiak Interneten saldu zituen, bertako hedabideek jakinarazi dutenez.
Ustezko erasotzaileak (Hideyuki Noguchi, 54 urteko gizasemea) pornografia ekoiztetxeei saldu zizkien bideo horiek, Tokyo Broadcasting System (TBS) telebista katearen arabera.
Interneten eta egunkarietan eskegitako iragarkien bidez atzeman zituen biktimak. Alkohola edan ostean, loaldian, odolaren presioa neurtzeko mediku ikerketa batean parte hartzeko hautagaiak (emakumezkoak) eskatu zituen iragarkiotan gizonak.
Poliziaren esanetan, hoteletan edo bainuetxeetan egiten zuen biktimekin hitzordua. Emakumeei lasaigarria eman eta konortea galtzen zutenean, bortxatu egiten zituen eta bideoan grabatzen zuen dena. 2011 eta 2013 artean egin omen zituen abusuak gizonak eta 20-40 urte arteko emakumeak aukeratzen omen zituen.
Poliziaren arabera, 10 milioi yen (75.000 euro) irabazi zituen grabatutako bideoak Interneten eta pornografia ekoiztetxeei salduta.
Chibako (Tokio ekialdea) Poliziak jakitera eman duenez, 39 biktima aurkitu dituzte, baina 100 inguru izan daitezkeela uste dute.
2013an bere burua Interneten ikusi zuen emakume batek salaketa jarri ostean abiatu zuten ikerketa, eta abusu horien ustezko egilea atxilotuta amaitu dute.