Mundua -
Istripua
Gutxienez 23 pertsona hil dira Taiwanen hegazkin istripuan
15 pertsona larri zauritu dira eta hegazkinean zihoazen gainerako 20 bidaiariak, oraindik, ez dituzte topatu erreskate taldekoek.
Erredakzioa
Gutxienez 23 pertsona hil dira gaur goizean Taiwango hiriburuan, Taipein, izandako hegazkin istripuan. 15 pertsona zauritu egin dira eta hegazkinean zihoazen gainerako 20 bidaiariak, oraindik, ez dituzte topatu erreskate taldekoek. TransAnsia konpainiako hegazkin bat Jilong ibaira erori da, Taiwango Gobernuak jakitera eman duenez.
58 pertsona zihoazen hegazkinean -tartean tripulazioko bost kide eta bi haur-, Taipeitik Kinmen irlara bidean. Taiwango Gobernuko arduradunek jakitera eman dutenez, "biraketa zakar bat" egin du hegazkinak eta zubi baten kontra jo du bete betean hegaletako batekin. Ondorioz, Jilong ibaira erori da.
Hegazkinaren kutxa beltzak aurkitu dituzte eta aztertzera bidali dituzte, istripuaren zergatiak argitzeko. Bien bitartean, erreskate taldeek lanean dihardute.
Erreskate taldeek 24 pertsona atera dituzte ibaitik, zaurituta; inguruko erietxetara eraman dituzte. Gainerako bidaiarien bila ari dira; izan ere, hainbat pertsona hegazkinaren barruan harrapatuta daudela uste dute.
ATR-72 motako bi motordun hegazkin bat da erori dena, urtebete baino gutxiagokoa. Urtarrilaren 26an egin zioten azken azterketa teknikoa eta ez zuen arazorik.
Erortzerakoan zubi gainetik igarotzen ari zen taxi bat jo du hegazkinak, ezkerreko aldearekin. Taxiaren gidaria eta bertan zihoan bidaiaria zaurituta eraman dituzte ospitalera.
Lekukoen arabera, hegazkinaren pilotuak hainbat "biraketa zakar" egin ditu eta hegazkina zuzentzen saiatu den arren, ez du lortu. Erori aurretik hiru mezu bi ditu gidariak kontrol gunera, Shongshango aireportuan aireratu eta berehala. Aireportutik bost kilometro eskasera izan du istripua hegazkinak.