Mundua -

Parte-hartze baxua

Gayen ezkontzak galarazteko galdeketa baliogabetu egin dute Eslovakian

Boto-emaileen % 22k parte hartu zuen, eta, gutxienez, % 50ekoa izan behar zuen parte-hartzea. Halere, % 95 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka agertu zen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parte-hartze baxuak ( % 22 baino gutxiago) balio gabe utzi zuen atzo Eslovakian homosexualen arteko ezkontzak eta sexu bereko pertsonek umeak adoptatzea debekatzeko erreferenduma.

Galdeketa balekoa izateko, gutxienez % 50eko parte-hartzea izan behar zuen -bi milioi lagun baino gehiago- eta LGTBen kolektiboak bozkatzera ez joateko deia egin zuen, galdeketaren quorumaren kontra egiteko.

Botoen % 99,77 zenbatuta, % 21,33ko parte-hartzea zenbatu zuten, hau da, 900.000 pertsona, Eslovakiako Estatistika Bulegoaren arabera.

Edonola ere, % 95 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka agertu zen; % 92k homosexualek adoptatzeko aukera izatearen kontra bozkatu zuen eta % 90ek seme-alabek hezkuntza sexuala ez jasotzearen alde egin zuten, gurasoak ados ez baldin badaude. Horiek izan ziren erreferendumaren hiru galderak.

Nahiz eta balekoa ez izan, galdeketaren deitzaileek positibotzat jo zuten emaitza.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Gizartea Homofobia mapa LGTBI+ albisteak Eslovakia