Mundua -
Egipto
30 pertsona hil dira Kairon, futbol partida batean izandako istiluetan
Antza denez, Poliziak gas negar-eragilea jaurti du estadio batean ordaindu barik sartzen saiatzen ari ziren hainbat zaleren aurka.
Erredakzioa
Hogeita hamar pertsona hil dira igande honetan Kairon (Egipto), Zamalek SC futbol taldeko jarraitzaileen eta Segurtasun Indarren artean izandako istiluetan.
Lekukoen arabera, Poliziak gas negar-eragilea jaurti du Kairoko estadioan sartzen ari ziren hainbat zaleren aurka.
Barne Ministerioak zehaztu duenez, pertsona horiek ordaindu barik sartzen saiatzen ari ziren. "Zamalekeko jarraitzaileak indarrez ari ziren sartzen saiatzen, eta ondasun publikoetan kalteak egitea galarazi behar genuen", adierazi du.
Nolanahi ere, Ultras White Knights talde erradikalak (istiluetan nahasita dagoena) ukatu egin ditu akusazioak, eta Poliziak inguratu egin zituela eta gas negar-eragilea jaurtitzen hasi zela esan du.
Sarraskiaren ostean, Egiptoko Futbol Federazioak bertan behera utzi du liga txapelketa, behin-behinean.
2012ko otsailaren 1ean, 72 pertsona hil ziren Port Saiden, futbol partida batean, Hosni Mubarak presidente ohiaren jarraitzaileen eta Armadaren arteko enfrentamenduetan.