Mundua -
Alderdien finantziazioa
Japoniako lehen ministroa finantzaketa irregularrarekin lotu dute
Shinzo Abek zuzendutako Alderdi Liberal Demokratak enpresa ordezkarien diru-laguntzak jaso zituen 2012an eta 2013an. Alderdiak finantzatzeko diru-laguntza horiek debekatuta daude Japonian.
Erredakzioa
Gobernuan dagoen Alderdi Liberal Demokratak enpresa subsidiario batzuen diru-laguntzak jaso zituen 2012an eta 2013an, Kyodo agentziak gaur jakinarazi duenez. Shinzo Abe lehen ministroa Alderdi Liberal Demokrataren (PLD) buru da, eta alderdiak finantzatzeko diru-laguntza horiek debekatuta daude Japonian.
Kyodok eskuratu dituen dokumentuen arabera, Ube konpainiak 620.000 yen (4.615 euro) eman zizkion Alderdi Liberal Demokratari.
Kimika-enpresa horrek Osakan du egoitza nagusia, herrialdearen mendebaldean, eta Ekonomia, Merkataritza eta Industria Ministerioak 34 milioi yeneko diru-laguntzak eman zizkion 2012an eta 2013an (253.228 euro).
Alderdien finantzaketa kontrolatzeko legearen arabera, enpresa subsidiario batek Gobernuaren diru-laguntzak jaso baditu, urtebete itxaron beharko du alderdiei dirua emateko.
Lehen ministroak baieztatu duenez, enpresa horren diru-laguntzak jaso zituzten, baina Gobernuak aldez aurretik dirua eman izana ez zekiela adierazi du. Yoshihide Suga ministro-bozeramaileak egin ditu adierazpen horiek komunikabideei eskaini dien prentsaurreko batean. "Lehen ministroak jazotakoa aztertuko du, eta auzia behar bezala kudeatuko du ondoren", esan du Sugak.
Astelehenean Koya Nishikawa Nekazaritza ministroak dimisioa eman zuen, Alderdi Liberal Demokratan bere ardurapean zuen bulego batek diru-laguntzak jaso zituela zabaldu ostean. Gainera, Yoshio Mochizuki Ingurumen ministroak, Yoko Kamikawa Justizia ministroak eta Akira Amari Politika Fiskalerako ministroak Alderdi Liberal Demokratan zuzentzen dituzten bulegoek ere enpresa subsidiarioen diru-laguntzak jaso zituzten.
Kyodo albiste-agentziak zabaldutakoaren arabera, Katsuya Okada Alderdi Demokratikoaren buruak ere (Alderdi Liberal Demokrataren aurkaria) antzeko diru-laguntzak jaso ditu.