Mundua -

YOUTUBE

Israelgo soldaduek txakurrekin mehatxatu dute gazte palestinar bat

YouTubera igotako bideo batean, bi soldadu israeldar txakur bat xaxatzen ageri dira, gazte palestinar bati eraso egiteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hautsak harrotu ditu azken orduotan YouTubera igotako bideo batek: bi soldadu israeldar txakur bat xaxatzen ageri dira bertan, gazte israeldar bati eraso egin diezaion. Israelgo soldaduen jarrera gogor kritikatu dute sare sozialetan, ia aho batez, eta Israelgo Armadak jazotakoa argitzeko ikerketa egingo duela iragarri du.

Iazko abenduan gertatu zen erasoa, Hebron (Zisjordania) herritik 10 kilometrora. Bideoko irudietan ikusten denaz harago, informazio gutxi zabaldu da. Bideoan agertzen den soldatuetako batek gazte palestinarrari oihuka ondorengoa esaten dio: "Nor da kikila? Ondo. Oso ondo".

Kritiken erdian, Armadako kideen jarrera babestu du Michael Ben Ari Israelgo parlamentaria izandakoak, Twitter bidez: "Soldaduek lezioa eman zioten terrorista txikiari", txiokatu du.

Hamzeh Abu Hashem 16 urteko gaztea da bideoan ageri den palestinarra. Horren familiak esan duenez, hozkada dezente jaso zituen gazteak, eta ospitalean artatu behar izan zuten. Gaztea Beit Ummarren hartu zuten atxilo, harriak jaurtitzeagatik, bere aitaren arabera. Sei hilabeteko kartzela-zigorra eta ia 900 euroko kalte-ordaina ezarri zizkioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea