Mundua -
Hiru hildako
Hasi da Bostongo maratoiko atentatuen epaiketa
Herri epaimahaiaren aukeraketak hilabete atzeratu du epaiketa; izan ere, heriotza zigorra onartzeko prest zeuden pertsonak aurkitu behar izan dituzte.
Erredakzioa
Dzhokhar Tsarnaeven kontrako epaiketa hasi da gaur, auzia daraman fiskaletako baten agerraldiarekin. Tsarnaevi anaiarekin batera Bostongo maratoiaren helmugan bi lehergailu jarri eta hiru pertsona hil izana leporatzen diote.
Agerraldi horretan, Willam Weinreb fiskal federalak azpimarratu du 21 urteko gazteak "ikusle plantak" egin zituela atentatua gertatu zenean, baina egiatan "hiltzeko gogoa" zuela "bihotzean".
Tsarnaev jatorri txetxeniarreko gazteari 30 kargu leporatzen dizkiote eta heriotza zigorra jaso lezake, 2001eko irailaren 11ko atentatuetatik AEBetan egin duten eraso larrienagatik.
Defentsa eta akusazioa atzo iritsi ziren akordio batera gaztea epaituko duen herri epaimahaiko 12 kideak aukeratzeko.
Tsarnaevi Tamerlan anaiarekin batera (anaia jazarpen polizialean hil zuten) etxean egindako lehergailu batzuk Bostongo 2013ko maratoiaren helmugan jartzea leporatzen diote. Eztandaren ondorioz hiru pertsona hil eta 260 zauritu zituzten. Gainera, horietako 17ri anputazio larriak egin behar izan zizkieten.
Herri epaimahaiaren aukeraketak hilabete baino gehiago atzeratu du epaiketa, urtarrilaren 26an baitzen hastekoa.
Zailena heriotza zigorra onartzeko prest zeuden epaimahaiko kideak aurkitzea izan omen da; izan ere, Massachusettsen debekatuta dago 1980tik, baina kargu federalak direnez, zigor hori ezartzeko aukera dago.