Mundua -
Argentinan
Frantziako hiru kirolari ospetsu hil dira helikoptero istripu batean
Hiru kirolariez gain, beste bost frantziar hil dira bi helikopteroren arteko istripuan, helikopteroak gidatzen zituzten bi argentinarrekin batera. Telebistarako programa bat grabatzen ari ziren.
Erredakzioa
Hamar lagun hil dira bart, tartean Frantzian ospe handia duten hiru kirolari, bi helikopteroren arteko istripu batean, Argentinan. Florence Arthaud nabigatzailea, Camille Muffat igerilaria eta Alexis Vastine boxeolaria dira ezbehar horretan hil diren kirolari ezagunak.
Francois Hollande Frantziako presidenteak ohar bat bidali du, istripuaren aurrean bere "harridura" eta "zirrara" agertzeko. Hiru kirolariez gain, beste bost frantziar hil dira istripuan, bi helikopteroak gidatzen zituzten bi argentinarrekin batera. Telebistarako programa bat grabatzen ari ziren.
Arthaud, Muffat eta Vastine kirolariek “Frantziari distirarazi” ziotela esan du Hollandek, eta istripuan hildako gainerako pertsonak ere izan ditu gogoan. Hiru kirolari ezagunak TF1 telebista-katerako ‘Dropped’ programan parte hartzen ari ziren, eta ALP ekoiztetxeko langileak ziren beste guztiak.
Kate horrek ere ohar bat kaleratu du, ezbeharraren aurrean bere “atsekabea” agertu eta senide eta lagunen sufrimenduarekin bat egiteko.
Florence Arthaud (57 urte) munduko emakumezko nabigatzaile onenetakoa zen. 1990ean, Route du Rhum lasterketa garrantzitsua irabazi zuen. Camille Muffat igerilariak (25 urte) hiru domina lortu zituen Londresko Olinpiar Jokoetan; urrezko bat tartean. Alexis Vastine boxeolariak (28 urte), berriz, brontzezko domina lortu zuen Pekingo Olinpiar Jokoetan.
ALP produkzio-etxea iragan astean hasi zen ‘Dropped’ programaren bigarren denboraldia grabatzen. Kirolari ezagunak toki isolatu batean uzten dituzte saio horretan, ahalik eta azkarren entxufe bat aurkitzen duten arte.