Mundua -
AEB
Bi polizia zauritu dituzte Fergusonen, tiroz
Missouriko herri horretako polizia-etxetik gertu dagoen etxebizitza batetik egin dute tiro.
Erredakzioa
Saint Louis hiriko (Missouri, AEB) Polizia Departamentuko bi agente larri zauritu dira goizaldean, Fergusongo polizia-etxetik gertu izandako istiluen ondorioz. Inguruko etxebizitza batetik tiro egin diete bi poliziei.
Udan istilu larriak izan ziren AEBko mendebaldean dagoen hiri horretan, Darren Wilson poliziak Michael Brown gazte beltza tiroz hil ostean polemika piztu baitzen, hilketak izandako kutsu arrazista zela eta. Thomas Jackson Fergusongo poliziaburuak dimisioa eman du, eta, hori dela eta, manifestazioa egiten ari ziren bart dozenaka lagun bertan. St. Louis Post-Dispatch egunkariak zabaldu duenez, polizia-etxetik gertu dagoen etxebizitza batetik egin dituzte tiroak.
Jackson ere zenbatuta, dagoeneko sei funtzionariok eman dute dimisioa Fergusonen.
Agenteek hiru tiro jaso dituzte, eta hiriko ospitale batera eraman dituzte biak, Jon Belmar Saint Louiseko poliziaburuak azaldu duenez. Polizietako batek zauria du sorbaldan, eta besteak, aurpegian. Zauriak "oso larriak dira", Belmarren esanetan.
Poliziak ez du oraindik erasoaren susmagarririk identifikatu.