Mundua -

Goi-bilera

Rajoy eta Tsipras aurrez aurre izango dira gaur Europako goi-bileran

Greziak Espainiari egindako kritiken ondoren, aurrenekoz elkartuko dira gaur Mariano Rajoy eta Alexis Tsipras Bruselan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziak Espainiari egindako kritiken ondoren, aurrenekoz ikusiko dute elkar Mariano Rajoyk eta Alexis Tsiprasek Bruselan. Greziako agintariak "Atenasen kontrako ardatza" eratzea egotzi die Espainiari eta Portugali. Haren esanetan, Greziako gobernua botatzen saiatu dira, bai eta Eurotaldearekin zabaldutako negoziazioei porrot eginarazten ere.

Gaur, Europar Batasuneko gobernuburuek egingo duten bileran izango dira biak. Besteak beste, energiaren merkatua eta Europako aurreikuspen ekonomikoak mintzagai izango dituzte.

Gai-zerrendan Greziaren afera agertzen ez bada ere, goi-bileran bolo-bolo ibiliko den gaia izango da, seguruenik.

Izan ere, lehen saioa amaitzean, hitzordu garrantzitsua du Tsiprasek: Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, Francois Hollande Frantziako presidentearekin, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearekin, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko agintariarekin eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko buruzagiarekin elkartuko da Greziako presidentea.

Mahai gainean, Greziak egin beharko lituzkeen erreformen inguruko hitzarmena.

Akordio hori ixteko beharrezkoak diren kudeaketak babestuko dituela esan du Rajoyk. Horrez gain, Greziari bere konpromisoak betetzeko ere eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mariano Rajoy