Mundua -
Istripua
Ryanairreko bi hezgazkinek elkar ukitu dute Dublingo aireportuan
Hegazkinetako batek atzealdearekin beste baten hegala ukitu du. Ez da inor zauritu. Aireratze pistetako batean gertatu da istripua gaur goizean, 07:10 inguruan.
Agentziak
Istripu txiki bat izan dute Ryanair konpainiako bi hegazkinek gaur goizean Dublingo aireportuan: hegazkinetako batek atzealdearekin beste baten hegala ukitu du. Airelineako arduradunek esan dutenez, ez da inor zauritu.
"Hegazkinetako baten atzealdeak eta bestearen hegalak elkar ukitu dute, ez dakigu zergatik. Bi aparatuok Dublingo aireportuko Aire Trafikoaren Kontrolerako arduradunen zaintzapean daude, oraingoz, geldirik", esan du Ryanairrek.
Aireratze pistetako batean gertatu da istripua, gaur goizean, 07:10 inguruan. Bi hegazkinak "abiadura oso motelean" zihoazen elkar ukitu dutenean; bat Zadarrera (Kroazia) zihoan, eta bestea Edinburgora (Eskozia).
Gertatutakoaren ondoren, Ryanairrek beste bi hegazkin egokitu ditu bidaia horiek egiteko. "Bidaiariei barkamena eskatu diegu, sortutako eragozpenengatik", esan dute konpainiako arduradunek.
Aireportutik goizean ateratzekoak ziren hegaldietan atzerapenak eragin ditu gertakari horrek. Lurreratzekoak zirenetan ez du eraginik izan.