Mundua -
29 urterekin espetxeratu zuten
30 urte heriotzaren korridorean, egin ez zuen hilketa batengatik
Estatubatuarra 1985ean sartu zuten kartzelan, bi pertsona hiltzea leporatuta, eta urteotan exekuzioaren zain egon da, deliturik ez bazuen egin ere. Orain aske utzi dute, epaiketa berri baten ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Anthony Ray Hinton (58 urte) estatubatuarra aske utzi dute, ia 30 urte Alabamako heriotzaren korridorean eman ostean. Bi pertsona hiltzea leporatuta kondenatu zuten, baina ez zuen deliturik egin.
Kartzelatik irten denean, Hintonek eskerrak eman dizkie Jaungoikoari eta abokatuei, 1985etik preso egon eta gero; alegia, jatetxe bateko bi jabeak hiltzeagatik heriotza-zigorra jaso zuenez geroztik.
Kazetarien aurrean, Hintonek bere bizitzako hiru hamarkada galduta jasandako bidegabekeria salatu du. Beldurtuta bizi izan ditu urteok, egin ez zuen delitu batengatik noiz hilko zuten zain, CNN telebista kateak zabaldu duenez.
"Egin behar zuten gauza bakarra pistola aztertzea zen, baina handia, boteretsua eta legearen jabe zarela uste duzuenean, ez duzu inoren aurrean erantzun beharrik", kritikatu du Hintonek.
"Alabaina, berriak dauzkat zuentzat, heriotzaren korridorera bidali ninduzuen guztiok Jaungoikoaren aurrean erantzun beharko duzue", esan du, kondenatu zutenei zuzenduta.
Epaiketa berri bat
Hainbat arma adituk Hintonen alde deklaratu dute 2014ean egindako epaiketa berri batean. Perituen arabera, ustez presoak erabilitako pistola ez zetorren bat bi hilketetan erabilitakoekin, eta bi hilketok ez ziren lotuta egon.
30 urteotan, Hinton kartzelatuta egon den urteetan, errugabea zela defendatu du. Justizia Berdintasunean Egitasmoa erakundeak prozesuan lagundu dio.