Mundua -
Marokoko hegoaldean
Marokon harrapatutako beste espeleologoetako bat hil da
Guztira, taldeko bi espeleologo espainiar hil dira Marokoko hegoaldean. Hirugarrena, bizirik atera dena, erreskatatu dute dagoeneko, eta Ourzazateko udalerrira eramango dute datozen orduetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Marokoko hegoaldean harrapatutako Jose Antonio Martinez Jimenez espeleologo espainiarraren heriotza baieztatu du Espainiako Barne Ministerioak.
Atzo, Gustavo Virues beste taldekidearen heriotzaren berri ere eman zuten. Gauzak horrela, zonalde malkarrean harrapatuta geratu ziren hiru espeleologoetatik bi hil dira jada.
Bigarren hildakoak, Jose Antonio Martinez Jimenezek, 41 urte zituen, eta polizia-inspektorea zen Almerian.
Martinezek buruan kolpe handia eta hanka hautsia zituen. Gustavo Virues 41 urteko Granadako bizilaguna, berriz, zaurien larritasunagatik hil zen larunbatean.
Bizirik atera den lagun bakarra Juan Bolivar Bueno da, 27 urteko polizia-agentea, eta Madrilen lan egiten du. Bolivar erreskatatu dute dagoeneko, eta gau honetan bertan Ourzazateko udalerrira eramango dute.
Bigarren espeleologoaren heriotzaren berria zabaldu aurretik, Espainiako agintariek jakitera eman zuten Madriletik joandako erreskate-taldea bertara iritsia zela. Lau guardia zibilek eta GEOko hiru agentek osatutako taldea da eta bihar goizean, eguna argitzearekin batera, hasiko dituzte bi gorpuak erreskate lanak. Erreskate lanak zailak izatea aurreikusten da; izan ere, bi gorpuak 400 metroko sakoneran daude bi pareten artean harrapatuta.
Bestalde, Jorge Fernandez Díaz Espainiako Barne Ministerioak Poliziaren hegazkina Marokon gelditzeko agindua eman omen du, hildako bi espeleologoak espainiaratzeko beharrezkoa izan daitekeelakoan.