Mundua -
Irak
Zigor handiak ezarri dizkiete Blackwaterreko lau mertzenariori
2007an 14 lagun hil eta 18 zauritzeagatik errudun jo ditu AEBko epaitegi batek, eta biziarteko kartzela eta 30na urteko espetxealdia ezarri die.
Agentziak | Erredakzioa
Blackwater segurtasun enpresako lau mertzenariori kartzela zigor handiak ezarri dizkie AEBko epaitegi batek, 2007an Bagden zibilen aurkako tiroketa batean 14 lagun hil eta 18 zauritzeagatik.
Zehazki, biziarteko kartzela zigorra ezarri dio Nicholas A. Slatten frankotiratzaileari eta 30na urteko espetxealdia beste hiru auzipetuei (Paul A. Slough, Evan S. Liberty y Dustin L. Heard)
AEBk Iraken zituzten langileak babesteko Blackwater enpresaren zerbitzuak erabili zituen urte luzez gobernu estatubatuarrak. Neurri gabeko indarkeria erabiltzeagatik eta legez kanpo armak esportatzeagatik hainbat auzitan nahastuta egon zen segurtasun enpresa eta gutxienez bi aldiz izenez aldatu zuen.
Gaur epaitutako gertakariak 2007ko irailean jazo ziren, Bagdadeko Nisour plazan. Dokumentu judizialen arabera, plazan zeuden oinezkoen kontra tiroak bota zituzten laurek, bonba-auto bat lehertu eta gero AEBko Estatu Idazkaritzaren konboi bat pasarazten uzteko. Ondorioz, 14 lagun hil eta 18 zauritu ziren.
"Ikaragarria izan zen. Nisour plazan mugitzen zen ororen kontra egin zuten. Emakumeak, umeak, gazteak... denen kontra egin zuten", esan du epaiketan Hasan Jaber tiroketa hartan zauritutakoak.
2002 eta 2012 urteen artean, milioika dolar jaso zituen Blackwater enpresak AEBko gobernuaren eskutik.