Mundua -

Gasaren auzia

Gazpromi bere nagusitasunaz baliatzea egotzi dio Bruselak

"Auzi politikoa" ez dela azpimarratu du Europako Batzordeak. Gazpromen ustez, akusazioek "ez dute inongo oinarririk".

Margrethe Vestager Lehia kontseilaria agerraldian. EFE
Margrethe Vestager Lehia kontseilaria agerraldian. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europa ekialdeko eta erdialdeko herrialdeetan gas naturalaren merkatuan duen nagusitasunaz baliatzea egotzi dio Europako Batzordeak (EB) Gazprom gas hornitzaile errusiarrari, eta haren kontrako salaketa jarri du, akusazioak jasotzen dituen kargu-orri bat bidalita.

Gazpromek 12 aste ditu orain alegazioak aurkeztu eta, bere burua defendatze aldera, Batzordearekin audientzia bat eskatzeko. Karguak berretsiz gero, fakturazio osoaren % 10erainoko isuna jar diezaioke EBk. Gazpromek ohar batean adierazi duenez, Batzordearen akusazioek "ez dute inongo oinarririk" eta "gobernuen arteko irtenbide onargarri bat" aldarrikatu du.

"Kezkatuta nago Gazprom EBren monopolioaren aurkako legea urratzen eta Europako gas merkatuan duen nagusitasunaz baliatzen ari ote den. Gasa Europako herrialdeetan barrena normaltasunez ibiltzeko oztopo artifizialak ipini dituela uste dugu. Gas merkatu nazionalak bereiz mantenduta, bidezkoak ez diren prezioak kobratu ditu", azaldu du Margrethe Vestager EBko Lehiarako komisarioak.

Jada nahikoa gaiztotuta dauden Europa eta Errusiaren arteko harremanak are gehiago zailduko ditu Batzordearen erabakiak. Kutsu politiko oro baztertu du, ildo horretan, Vestagerrek. "Nire ustean, hau ez da auzi politikoa, askok kontrakoa esango badute ere", erantsi du. Komisarioak gogoratu duenez, 2011n abiatu zuten Gazpromen inguruko ikerketa, krisia abiatu baino lehen. Gainera, Bruselak Bulgaria, Frantzia edo Italiako enpresen kontra ere egin du aurretik.

Europar Batasuneko zortzi estaturi eragiten die Gazpromen "abusuak": Bulgaria, Txekiar Errepublika, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Polonia eta Eslovakia. Herrialdeotan gas merkatuaren % 50-100 arteko kontrola du Errusiako konpainiak.

Hiru dira Batzordeak salatutako jarduerak: hornidura akordioetan egiten dituen lurralde murrizketak; Bulgaria, Estonia, Letonia, Lituania eta Polonian ezartzen dituen "gehiegizko prezioak"; eta Bulgaria eta Polonia gasez hornitzearren ezarritako baldintzak.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusia berriak