Mundua -
Urteurrena
Armeniako Elizak genozidio armeniarreko biktimak kanonizatuko ditu
Ehun urte beteko dira bihar Otomandar inperioak armeniarren kontrako genozidioa abiatu zuenetik. Guztira, 1,5 milioi armeniar hil zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Otomandar inperioak armeniarren kontra egindako genozidioan hildako 1,5 milioi biktimak kanonizatuko ditu gaur Armeniako Eliza Apostolikoak. Bihar beteko dira ehun urte turkiarrek armeniarren kontrako genozidioa abiatu zutenetik.
XX. mendeko lehen genozidiotzat jo zuen Armeniakoa, duela gutxi, Frantzisko aita santuak. Eliza katolikoaren buruzagiaren adierazpenek Turkiaren haserrea eragin zuen, izan ere, ez dute genozidioa aitortzen.
Biktima gehienak, horietako asko emakumeak eta haurrak, Siriako eta Irakeko basamortuetara deportatu nahi zituzten, baina gehienak bidean hil ziren. Gaurko saioan "martiri" izendatuko dituzte genozidioko biktimak.
Echmiadzineko katedralean egingo da ekitaldia eta Katolikos Gareguín II Armeniako Elizaren patriarkak gidatuko du. Ekitaldi horretan bertan biktimen gorpuzkin guztiak hezurtoki batean bilduko dituzte.
Dena den, bihar egingo dute genozidioaren 100. urteurrena gogoratzeko ekitaldi nagusia Tsitsernakaberd memoria zentroan, eta bertan izango dira Serge Sargsian, Vladimir Putin eta François Hollande, hurrenez hurren, Armeniako, Errusiako eta Frantziako presidenteak.
Putin: Armeniako genozidioa "historiako tragikoenetako bat da"
Vladimir Putinek gaur adierazi duenez, nazioarteko komunitateak ezin du baimendu Armeniako genozidioaren pareko ekintzarik errepikatzea. Haren esanetan, Armeniako genozidioa gizateriaren historiako tragikoenetako bat da.
"1915eko apirilaren 25a data mingarria da, gizateriaren historiako gertaera izugarrienetako eta dramatikoenetako bat da", adierazi du Putinek Kremlineko webgunean argitaratutako mezu batean.
Errusiako buruzagiak bakea eta anaitasuna opatu die Errusian bizi diren armeniarrei eta Armenia herrialderi. Halaber, azpimarratu du ezin dela justifikatu arrazoi etnikoengatik "eliminazio jendetsuak" egitea.