Mundua -
Baltimore (AEB)
Obama: 'Polizia batzuek ez dute jokabide zuzena'
Etxeratze-agindua indarrean sartu da Baltimoren, eta istilu bakan batzuk izan dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxeratze-agindua indarrean sartu da Baltimore hirian (Maryland, AEB), 22:00etan (04:00ak, Euskal Herrian), eta Segurtasun Indarrek kaleak hustu dituzte. Harrezkero, enfrentamendu bakan batzuk izan dira, baina ez atzo jazotakoak bezain bortitzak.
Azken egunetan protesta baketsuak egin dituzte hiri horretan, gazte beltz baten heriotza salatzeko. Freddie Gray apirilaren 19an hil zen, Poliziaren esku zegoela. Astelehenean, haren aldeko hileta egin zuten, eta istilu bortitzak izan ziren hileta bukatutakoan. Horren ondorioz, agintariek larrialdi egoera eta etxeratze-agindua ezarri zituzten.
Gaur gauean, herritar gehienak etxera joan dira, baina batzuek ez dute Poliziaren agindua bete, eta agenteei objektuak jaurtitzen hasi dira, Segurtasun Indarren arabera. Hori dela eta, istiluak izan dira hiriko zenbait tokitan.
Poliziaren esanetan, protestari batzuek "jarrera bortitza" erakutsi dute, eta liburutegi bati su eman diote.
Orotara, Guardia Nazionaleko 2.000 kide eta 1.000 polizia zabaldu dira kaleetan, bezperan izan ziren moduko istilu larruak berriro ez gertatzeko. Baltimoreko poliziak ez ezik, alboko herrietakoak ere bertaratu dira.
Fergusonen (Missouri) ere istiluak izan dira. Giroa gori-gori dago bertan urte amaieratik, polizia zuri batek gazte beltz bat (Michael Brown) hil zuenetik. Herri horretako protestetan, pertsona bat tiroz zauritu da.
Obama: 'Polizia batzuek ez dute jokabide zuzena'
Bestalde, Barack Obama AEBko presidenteak hausnarketa egiteko deia egin die herrialdeko poliziei, susmagarri beltzen aurrean duten jokabidea dela eta.
"Polizia batzuek ez dute jokabide zuzena", ohartarazi du, Freddie Gray gaztearen heriotzaren ostean egindako lehen adierazpenetan.
Horren esanetan, poliziaburu batzuek aitortu behar dute tratu ezberdina ematen dietela susmagarriei, zuriak edo beltzak izan.
Obamak doluminak eman dizkie Grayren senideei eta babesa agertu die asteleheneko istiluetan zauritutako agenteei, eta enfrentamenduok eragin dituztenen kontra egin du, gaizkileak izatea egotzita.
Horren ildotik, penatuta agertu da istiluek herritarren manifestazio baketsu eta jendetsuak "estali" dutelako.