Mundua -
Dallas
Poliziak bi gizon hil ditu AEBn, Mahomari buruzko erakusketa batean
Bi gizonezkoek agente baten aurka tiro egin dute, eta baliteke lehergailuak eraman izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dallasko (AEB) Poliziak Mahomari buruzko karikaturen erakusketa polemiko batean agente bat tirokatu duten bi gizonezko hil ditu gaur goizaldean.
NBC telebista katearen arabera, bi gizonezkoak autoz iritsi dira erakusketa hartzen duen kultur etxera, eta, ondoren, tiro egin dute agente baten aurka. Zentroaren barruan zeuden 50 pertsonak ebakuatu behar izan dituzte, eta eskola batera eraman dituzte. Alboan dauden dendak eta lokalak ere hustu dituzte.
WFAA telebista kateak gaineratu duenez, baliteke bi gizonezkoak lehergailuak eraman izana.
Kultur etxeak segurtasun neurri zorrotzak zituen, Mahomari buruzko karikaturen erakusketa oso polemikoa izan baita. AEBko Askatasunen Defentsarako Ekimenak antolatu du, urtarrilean Dallasen talde islamiko batzuek hainbat ekitaldi egin ostean.
Mahomaren irudiak publikatzea debekatuta dago Indian eta herrialde musulmanetan, eta, horrenbestez, probokazio gisa hartzen dute erlijio horretako fededunek. Mendebaldean, baina, adierazpen askatasuna aldarrikatzen dute Islamaren profeta irudiztatu ahal izateko.