Mundua -
Istripua
Lagun bat hil eta bederatzi zauritu dira Austrian bi trenek elkar jota
Zendutakoa makinistetako bat da. Zauritutako batzuk larri daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lagun bat hil eta bederatzi zauritu dira gaur Austrian bi bidaiari-trenek elkar jo ostean, Estiria Estatuko Trenbide konpainiak jakinarazi duenez.
ORF telebista katearen arabera, hildakoa makinistetako bat da; bestea zauritu eraman dute ospitalera.
Horrez gain, 60 urteko emakume bat oso larri zauritu da eta erietxera eraman dute.
Bertaratu diren erreskate taldeek (120 bat suhiltzaile, Gurutze Gorriko talde bat eta bi helikoptero) trenetan zihoazen bidaiari guztiak atera dituzte. Istripua gertatu den tokian basoa dago eta taldeok lanak izan dituzte heltzeko.
Ezbeharra 10:20an jazo da Ubelbach herrian, Graz hiritik gertu.
Lehen hipotesien arabera, trenetako makinistetako batek ez du geldiarazteko seinalea ikusi edo errespetatu, eta noranzko bakarreko trenbidea denez, bi trenek elkar jo dute.