Mundua -

Hauteskundeak Erresuma Batuan

Kontserbadoreek garaipen argia lortu dute, inkesten arabera

Kontserbadoreek 316 ordezkari lortuko lituzkete Westminsterren, gehiengo absolututik hamar eserlekura bakarrik. SNPk 58 diputatu lortuko lituzke, Eskoziako ordezkari guztiak bat izan ezik, alegia.

Koalizio gobernua iragartzen dute inkestek

1:27

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Kontserbadoreak 316 diputatu lortuko ditu Erresuma Batuko hauteskundeetan, gehiengo absolututik hamar eserlekura soilik, eta Alderdi Laboristak baino 77 ordezkari gehiago, azken inkesten arabera.

Horrela, Komunen Ganberan 316 eserleku lortuko lituzke David Cameronen alderdiak. Ed Milibanden alderdiak, aldiz, 239 diputatu eskuratuko lituzke, inkesten arabera.

SNPk 58 diputatu lortuko lituzke, Eskoziako ordezkari guztiak bat izan ezik, alegia. Alderdi Liberal Demokratak hamar eserleku bereganatuko lituzke, eta UKIPek bi bakarrik.

Egunaren garrantziaz jabetuta, lehen ministrorako hautagaiak goizean goiz joan dira hauteslekuetara, eta herrialdean 09:00ak zirenerako botoa emana zuten gehienek.

David Cameron lehen ministro britainiarrak 09:10ean eman du botoa, Witney hauteskunde barrutian (Oxfordshire konderria). Ordubete arinago, Ed Miliband laborista izan da botoa ematen. Goiztiarrena, ordea, Nigel Farage UKIPeko buruzagia izan da, eta ondoren bozkatu dute Natalie Bennett Berdeen buruak eta Nicola Sturgeon SNPko idazkariak.

Cameronek eta Milibandek Twitter erabili dute euren mezuak helarazteko:

"Belaunaldi honetako hauteskunde garrantzitsuenetan botoa emateko eguna heldu da. Zure botoak etorkizunari ez ezik, zure familiari eta gure herrialdeari ere eragingo dio. Ed Miliband eta SNP alderdia boterera heldu eta gure ekonomia suntsitzea saihestu nahi baduzu, gobernu sendo eta egonkor bat nahi baduzu, gure plan ekonomikoa garatzeko aukera eman nahi badiguzu, bozkatu Alderdi Kontserbadorearen alde", esan du Cameronek sare sozialean eskegitako bideoan.

Antzeko mezua eman du Ed Milibandek ere:

"Langileen alde borroka egingo duen eta osasun sistema eta zure familia lehenetsiko duen gobernu laborista baten alde bozkatzeko eguna duzu gaurkoa ", adierazi du.

SNPk gobernagarritasunaren giltza izan dezake

Inkesten arabera, kontserbadoreek Komunen Ganberan eserleku gutxi batzuk gehiago eskuratuko lituzkete Erresuma Batuko hauteskunde-sistema bereziari esker; izan ere, herrialdeko barruti bakoitzak (650) diputatu bakarra aukeratzen du eta gainerakoak baztertzen ditu. Nahiz eta eserlekuetan abantaila txikia izan, Cameronek ez luke Gobernua osatzeko lehentasunik lortuko. Horrela, Milibandek Eskoziako Alderdi Abertzalearengana (SNP) hurbiltzeko aukera izango luke; izan ere, SNPk ordezkaritza garrantzitsua lortuko du Westminsterren eta gobernagarritasunaren giltza izan dezake, inkesten arabera.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa efe

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa efe

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa kanpainan. Argazkia: EFE

Irailean independentziaren inguruko erreferenduma egin eta hilabete gutxi batzuk geroago, SNPk laboristei ordezkari gehienak kentzeko helburua du. Eskoziak Westminsterreko 59 diputatu aukeratzen ditu hauteskunde orokorretan.

Liberaldemokraten porrota

Liberaldemokratek Cameronekin Gobernua osatu dute legealdi honetan eta ordezkarien erdia baino gehiago galduko dituztela diote inkestek (57tik 27ra). Hala eta guztiz ere, hauteskundeen ondoren bere alderdiak paper garrantzitsua izango duela ziurtatu du Nick Clegg buruzagiak.

Inkestek iragarri duten emaitza estuak gobernagarritasuna zailduko duela uste dute Erresuma Batuko aditu politiko gehienek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua bideoak