Mundua -
Krisi politikoa Txilen
Ministroei dimisioa emateko eskatu die Bachelet Txileko presidenteak
72 orduko epean "nortzuk joan eta nortzuk geratuko diren" erabakiko du gobernuburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Txileko herritarrek eta oposizioak eskatutakoa bete du Michelle Bacheletek. Iragarri berri duenez, gobernua osatzen duten ministro guztiei dimisioa emateko galdegin die eta 72 orduko epean "nortzuk joan eta nortzuk geratuko diren" erabakiko duela nabarmendu du. "Gobernua aldatzeko unea da", argudiatu du.
Azken hilabeteetan konfiantza galtzen joan da Bacheleten gobernua. Lehen agintaldian (2006tik 2010erakoa) herrialdean egindako erreforma arrakastatsuen ondotik, bigarren legegintzaldi honetan polemika izan da protagonista. Txileko Fiskaltza Bacheleten semea ikertzen ari da influentzia-trafikoagatik eta hainbat ministro ustelkeria kasutan nahastuta daude.
"Kudeaketaren hausnarketa egin behar dut eta aro berri batean lagun izango dudan taldea zein den erabaki behar dut" azaldu du Txileko gobernuburuak herrialdeko telebista kate batean eskainitako elkarrizketan.
"Ez ditut gauzak arin eta presaka egin nahi. Tarte honetan, nik erabakia hartu bitartean, lanean gogoz jarraitzeko eskatu diete ministroei", azaldu du.
Gobernuaren berregituraketa hau ez da krisia gainditzeko Bacheletek iragarritako lehen neurria. Duela astebete, Konstituzio berri bat sortzeko "prozesua" abiatu eta ustelkeriaren kontrako neurri sorta iragarri zuen.