Mundua -
Herrialdearen ipar-ekialdean
Ehunka familia ebakuatu dituzte Filipinetan Noul tifoaren ondorioz
4. mailako alerta ezarri dute, 171-220 km/h-ko haizeteak izan daitezkeelakoan. Halabere, euri-jasak espero dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ehunka familia ebakuatu dituzte Filipinetako ipar-ekialdean Noul tifoiaren ondorioz. Tifoia Ozeano Baretik sartu da, 185 km/h-ko haize-ufadekin eta euriteekin, agintariek jakinarazi dutenez.
Guztira, 550 familia edo 1.895 lagun leku seguruetara eraman dituzte Isabelako probintzian. Oro har Benito Soliven, Maconacon edo Dinapigue udalerrietako auzokideak dira, Hondamendia Kudeatzeko eta Horren Arriskua Murrizteko Batzordeak jakinarazi duenez.
Meteorologia zerbitzuak 4. mailako alerta ezarri du, datozen 12 orduetan Cagayaneko hiru zonaldeetan 171-220 km/h-ko haizeteak izan daitezkeelakoan. Zonalde horrek 1,2 milioi biztanle inguru ditu.
Hala ere, tifoiaren abiadura arindu da, eta Isabelako eta Cagayaneko kostalderako norabidea hartu du, Taiwaneko noranzkoan, alegia.
03:00 GMT orduan, 185-220 km/h-ko haize-ufadak izan dira.
Azken iragarpenen arabera, tifoiak astearte goizean utziko ditu Filipinak.
Bestalde, kostaldean edo ibaietatik hurbil bizi direnak arreta handiz ibili beharko dira, uholde arriskua baitago. Mendietan bizi direnek, berriz, lur-jausien arriskua dute.
Gai Sozialerako eta Garapenerako Ministerioak eta Poliziak laguntzaileak, taldeak eta materiala zabaldu dute zonalde kaltedunetan.
2015eko tifoi-sasoia estreinatu du Noulek. Maiatzaren amaiera edo ekainaren hasiera inguru hasten dira tifoiak, eta azaroan amaitu egiten dira.