Mundua -

Argoviako kantonamenduan

Familia bereko bost kide hil dira Suitzan izandako tiroketa batean

Poliziaren arabera, litekeena da tiroketa familia arteko borroka batengatik izatea. Biztanle bakoitzeko su-arma kopururik altuenetarikoa dute Suitzan.

Hainbat lagun hil dira Suitzan izan den tiroketan. Argazkia: EFE
Tiroketa Suitza EFE
Hainbat lagun hil dira Suitzan izan den tiroketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Familia bereko bost lagun hil dira bart bizitegi-eraikin batean izandako tiroketa batean, Argoviako kantonamenduan, Suitzako iparraldean, CNN kateak zabaldu duenez. Polizia iturriak aipatuz kaleratu duen informazioaren arabera, hildakoen artean ustezko erasotzailea dago, eta litekeena da tiroketa familia arteko borroka batengatik izatea.

Gertaera Wuerenlingenko hirian jazo da, Zürichetik 45 kilometrora, 23:00ak aldera (21:00 GMT). Tiroak entzun ostean, auzokideek Poliziari deitu zioten.

Poliziaren hasierako informazioaren arabera, agenteek hainbat helduren hilotzak aurkitu dituzte eraikinaren barnean eta inguruetan. Horren ondorioz, Poliziak operatiboa martxan jarri du gau osoan, eta ikerketa abiarazi du.

Michael Leutpold Argovieko Polizia-komandanteak prentsaurrekoan azaldu duenez, biktima kopurua "behin betikoa" da. Halaber, erasotzailea hildakoen artean dago. 36 urte eta hiru seme-alaba zituen, eta Schwyzeko kantonamenduan beste auzi batengatik epaitua izana zen.

Biktimak 58 urteko gizonezko bat eta 57 urteko emakumezko bat (erasotzailearen aita-amaginarrebak), eta 32 urteko beste gizonezko bat (erasotzailearen koinatu bat). Gainera, 46 urteko beste gizonezko bat ere hil da, oraindik identifikatu gabekoa, baina Poliziak uste du familia horrekin loturarik ez zuen oinezko bat dela.

Ustezko erasotzailea emaztearengandik bananduta zegoen eta, tiroketaren ostean, bere buruaz beste egin du.

Su-armak izatea

Azken urteetan mota horretako beste zazpi jazoera gutxienez izan dira Suitzan. Izan ere, arauzko armekin izandako jazoerak ohikoak izaten dira herrialde horretan, zerbitzu militarraren praktikak egiteko, gizonezkoek fusilak etxean gordetzen dituztelako. Horren harira, arma horiek biltegi publikoetan gordetzeko hainbat proposamen-erreferendum izan dira, baina saiakera guztiek porrot egin dute.

Tragedia nabarmena 2001ko irailaren 27an jazo zen, 'Zugeko sarraskia' izenarekin ezagutzen da. Orduan, Friedrich Leibacherrek 14 lagun hil zituen Zugeko kantonamenduko Parlamentuan, eta geroago, bere burua hil zuen.

Biztanle bakoitzeko su-arma kopururik altuenetarikoa dute Suitzan. Small Arms Survey erakundearen arabera, 2007. urtean 3,4 milioi su-arma zeuden 8 milioi inguru dituen Suitzan.

Hala ere, momentuz ez dakite arauzko armekin lotutako gertaera edo arauzkoak ez diren armekin egindako ekintza biolentoa izan den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxistaren biktimak Suitza albisteak gaur