Mundua -
Garbiketa Piongiangen
Ipar Koreak Defentsa ministroa exekutatu du, kanoi batekin tiro eginez
Azkenaldian, Kim Jong-un buruzagiak hainbat garbiketa egin ditu goi-agintarien artean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar Koreak Hyon Yong-chol Defentsa ministroa exekutatu du, Kim Jong-un herrialdeko buruaren aginduak urratzea eta desfile militar batean lokartzea egotzita, Hego Koreako Inteligentzia zerbitzuek informatu dutenez.
Antza denez, hegazkinen kontrako kanoi batez hil zuten, apirilaren 30ean, Piongiangeko akademia militar batean.
Hego Koreako Inteligentzia zerbitzuen arabera, Kim Jong-un diktadoreak areagotu egin du goi-kargudunen artean abiatutako "garbiketa", eta, horren ondorioz, Ipar Koreako agintariek gero eta zalantza gehiago dituzte buruzagiaren inguruan.
Bestalde, Hego Koreako Defentsa Ministerioak ez du mugimendu susmagarririk atzeman Ipar Koreako Armadan.
Hyon Yong-chol 2010ean izendatu zuen Armadako buru Kimg Jong-il egungo diktadorearen aitak, eta 2012ko uztailetik 2013ko maiatzera Defentsa ministro izan zen aurrenekoz, eta iazko ekainetik aurrera berriro.
Azkenaldian, Kim Jong-un buruzagiak hainbat garbiketa egin ditu goi-agintarien artean. Adibidez, aurten 15 ofizial hil dituzte dagoeneko, eta 2013an Jong Song-thaek osaba, Erregimenaren 'bigarrena', exekutatzeko agindua eman zuen.