Mundua -
Estatu-kolpe saiakera
Burundiko mugak eta hiriburuko aireportua itxi ditu Armadak
Pierre Nkurunziza presidentea kargutik kendu duela adierazi du Armadak. Gobernuaren esanetan, baina, estatu-kolpeak ez du arrakastarik izan. Azken asteetan protestak eta istiluak izan dira Burundin.
Agentziak | Erredakzioa
Bujumbura hiriburuko aireportua eta lurreko mugak itxi ditu Burundiko Armadak, eta Pierre Nkurunziza presidentea kargutik kendu duela adierazi du. Nkurunzizak ekaineko hauteskundeetara aurkezteko asmoa kaleratu ostean, protestak eta istiluak hasi ziren Burundin.
Nkurunziza Tanzaniatik ekarri behar zuen hegazkinak lur hartu baino lehen, aireportua eta mugak ixteko agindua eman dute Armadako kideek, iturri diplomatikoek jakinarazi dutenez. Burundiko presidenteak goi-bilera batean parte hartu du.
Arratsaldeko lehen orduan, presidentea “kargutik kendu” dutela iragarri du Godefroid Niyombare jeneralak irrati pribatu batean.
“Adostasun Nazionala Berrezartzeko Batzordearen” izenean hitz egiten duela esan du soldaduak. Batzordea Armadak eta gizarte zibilak osatzen dute, horren hitzetan, eta “batasun nazionala” berriz ezartzeko asmoa du.
“Nazioaren mesederako”, estatuburua kargutik kendu dutela esan du Niyombarek, azken asteetan “indarkeria eta Pierre Nkurunzizaren zinismoa atsekabetuta” ikusi eta gero.
Ordu batzuk geroago, Burundiko Presidentetzak esan du estatu-kolpeak ez duela arrakastarik izan. Segurtasun indarrek Nkurunziza presidentearen aurkako estatu-kolpe “fantasiatsuaren” egileak harrapatuko dituztela gaineratu du Exekutiboak.
Protesta bortitzak azken asteetan
Nkurunziza hutuak hirugarren agintaldi bat nahi du, eta ekaineko hauteskundeetara aurkezteko erabakia hartu zuen. Burundiko milaka herritarrek kaleak hartu dituzte azken asteetan Nkurunzizaren erabakiaren aurka protesta egiteko. Hirugarren agintaldia legez kanpokoa dela uste dute herritar askok eta oposizioak.
Burundiko biztanleriaren gehiengoa tutsia da, eta Nkurunzizaren hautagaitzak beldurra zabaldu du etnia horren artean. Duela hamarkada bat eskas amaitu zen gerra zibila Burundin (1993-2005).