Mundua -
Kolonbia
FARCeko buruaren kontrako atxilotze aginduak, bertan behera
Kolonbiako fiskal nagusiaren esanetan, Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' Gobernua eta gerrilla Habanan egiten ari diren bake negoziazioetara batu da.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Eduardo Montealegre Kolonbiako fiskal nagusiak baieztatu duenez, Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' FARCeko buruaren kontrako hainbat atxilotze agindu bertan behera utzi dituzte Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearen eskariz. Gainera, FARCeko burua Kolonbiako Gobernua eta gerrilla Habanan (Kuba) egiten ari diren negoziazioetara batu dela adierazi du.
Hala ere, Kolonbiako Bakearen goi mandatariaren bulegoak azaldu du 'Timochenko' ez dela negoziazio mahaiko kide eta ez dela gerrillaren negoziatzaile ofiziala Habanan. Dena den, aitortu du abenduan altxatu zituztela haren kontrako atxilotzeko aginduak.
Caracol Radio Kolonbiako irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Kolonbiako fiskal nagusiak baieztatu du etenda gelditu direla 'Timochenko'ren kontra zeuden 118 atxilotze agindu eta baita haren kontrako bost epai ere -epai horietako zigorrak batuta, 178 urteko kartzela zigorra beteko beharko zukeen-.
"2014ko abenduan Errepublikako presidenteak komunikazio bat bidali zuen 'Timochenko' Habanako bake negoziazioetako legezko ordezkari eta negoziatzaile ofizial gisa aitortua izan zela esanez. Aitortza hori jasotzen duen ebazpen bat badago", nabarmendu du Montealegrek. Bestalde, duela gutxi ezagutu da duela 15 egun bilera bat egin zutela 'Timochenko'k eta ELN Nazio Askapenerako Armadako buruak.
Fiskalak zehaztu du atxilotze aginduak bertan behera uzteko erabakiak negoziazioak egiten diren tokian duela eragina. "Dena dela, bake negoziazioaren baitan presidenteak 'Timochenko'ri Bogotara etortzeko baimena ematen badio, atxilotze aginduak etenda daude eta joateko aukera izango luke", gaineratu du. Fiskalaren esanetan, FARCeko burua Kolonbiako kongresura ere joan daiteke, baldin eta presidenteak horretarako baimena ematen badio.
"Bake negoziazioaren inguruan oso baikorra naiz. Zailtasun handiak izan ditugu, azken aldian Caucan gertaturikoa adibide, baina uste dut gerrillak bakea lortzeko borondatea duela eta uste dut atzera bueltarik gabeko puntu batean gaudela. Datorren urtean, 50 urteko gatazkaren ondoren, konponbide baketsua lortu denaren albistea ezagutuko dugu", azpimarratu du.