Mundua -

Egipto

AEB 'oso kezkatuta', Mursiri ezarritako heriotza-zigorragatik

Halaber, hainbat erakundek  edo Gobernuk, tartean, Amnistia Internazionalak, Anaia Musulmanek eta Turkiako Gobernuak, zigorra gaitzestu eta "politikotzat" jo dute.

Mursi, Egiptoko presidente ohia, espetxean. Argazkia: EFE
Mursi, Egiptoko presidente ohia, espetxean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Gobernua "oso kezkatuta" azaldu da igande honetan Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohiari ezarritako heriotza-zigorra dela eta. Duela lau urte presoen ihesaldi masiboan parte hartzeagatik zigortu dute Mursi.

"Oso kezkatuta gaude Egiptoko auzitegi batek 100 akusatu baino gehiagori heriotza-zigorra ezarri dielako, tartean, Mursi presidente ohiari", esan du Estatuko Departamentuko iturri batek.

"Epaiketa eta zigor masiboak behin eta berriro salatu ditugu, Egiptoren eta Zuzenbide Estatuaren nazioarteko betebeharrekin bat ez datozelako", adierazi du.

Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohiari behin-behineko heriotza zigorra ezarri diote 2011ko iraultzan izandako kartzela-ihesaldiagatik. Iturri judizialen arabera, Hosni Mubarak orduko presidentea erorarazi zuen horrek. Gainera, Jairat al Shater Anaia Musulmanen buruzagiordeak ere zigor bera jaso du, "nazioarteko armadekin" konspiratzeagatik.

Mursiri 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten aurretik, bere agintaldiaren azken egunetan, 2013ko uztailean, manifestarien atxiloketa eta tortura eskatzeagatik.

Presidente ohiarekin batera, erakunde islamikoaren beste 105 partaidek ere zigor bera jaso dute. Erakunde horren parte izan zen Mursi, baina aldentzen joan zen presidente izateko hautagai moduan ezarri zutenean.

Erreakzioak

Halaber, hainbat erakundek  edo Gobernuk, tartean, Amnistia Internazionalak, Anaia Musulmanek eta Turkiako Gobernuak, zigorra gaitzestu eta "politikotzat" jo dute.

Ildo horretan, Anaia Musulmanek auzitegiaren erabakia gaitzetsi dute. "Hilketa gauzatuko dute, eta nazioarteak hori gelditu beharko du", adierazi du Amr Darrag Askatasuna eta Justizia desegindako alderdiaren sortzaileetako batek (eta Anaia Musulmanen adar politikoa). Egiptoko Gobernuak talde terroristatzat hartzen ditu Anaia Musulmanak.

Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Egiptoko auzitegi hori kritikatu du, eta "hipokritatzat" jo ditu nazioarteko herrialdeak.

Bi epaileren aurkako atentatua

Bestalde, lau pertsona hil dituzte larunbat honetan Sinai penintsulako Al Arish hirian autobus baten kontra izandako erasoan, Abdelfatah Harhur eskualdeko gobernadoreak berri eman duenez.

Erasotzaileek tiroz hil dituzte hiru magistratu eta autobuseko gidaria, eta laugarren epaile bat zauritu egin dute.

Azken urteetan, Sinaiko penintsula ingurune ezegonkorra bada ere -batez ere militarrek Mohamed Mursi presidentea agintetik kendu zutenetik- ez dira ohikoak zibilen kontrako erasoak, nahiz eta segurtasun indarren eta militarren aurkako ekintza asko izan ohi diren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea