Mundua -

AEB

Bederatzi motorzale hil dira Texasen izandako borroka baten ostean

18 lagun zauritu dira. Elkarren aurkari ziren hiru motorzale talderen artean izan da liskarra.

Poliziak taberna dagoen merkatal zentroa itxi du. EFE
Bederatzi lagun hil dira motozale banden arteko tiroketan, Texasen

00:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzi lagun hil dira eta 18 zauritu Wacon (Texas, AEB) elkarren aurkari ziren hiru motorzale talderen arteko liskarraren ostean, bertako egunkariek jakinarazi dutenez.

Borroka Twin Peaks Sports Bar and Grill izeneko taberna batean hasi da, Wacoko Polizia Departamentuak zehaztu duenez.

"Dozenaka zauritu eta hainbat hildako Twin Peaksen izandako tiroketan. Agenteak bertan ziren borroka hasi zenean. Poliziarik ez da zauritu", adierazi du Poliziak Facebookeko bere orrialdean.

Liskarra eguerdi aldera hasi da. Hasieran mutur-joka hasi dira motorzaleak, baina laster hasi dira makilak, aiztoak eta kateak erabiltzen. Gerora tiro hotsak ere entzun dira, Patrick Swanton sarjentuak nabarmendu duenez.

Michelle Logan 37 urteko lekukoak Waco Tribune-Herald egunkariari esan dionez, "30 bat arma erabili dituzte, 100 bala edo".

Swanton sarjentuaren esanetan, Polizia tiroak hasi zirenean sartu zen. "Etsaiak dira taldeak. Errugabe asko zauritu zitezkeen", erantsi du. Poliziak bazekien taldeen artean ezin ikusia zegoela eta horregatik zegoen bertan.

Hildako guztiak motorzaleak dira, baina oraindik argitzeko dago agenteek egindako tiroen ondorioz zendu den baten bat.

Twin Peaks taberna dagoen merkatal-gunea, Central Texas Marketplace, itxi du Poliziak, badaezpadako neurri gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak