Mundua -

Agurra

Carlos printzearen eta Gerry Adamsen arteko bosteko historikoa

Ingalaterrako printzeak eta Sinn Feingo buruzagiak barre egin dute eta elkarri bostekoa eman diote Galwayko (Irlandako mendebaldean) unibertsitatean.

Gerry Adams eta Carlos printzearen arteko bosteko historikoa

0:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Ingalaterrako printzeak eta Gerry Adams Sinn Feingo presidenteak elkarri bosteko historikoa eman diote gaur. Sinn Fein IRAren adar politikoa da eta talde armatuak 1979an Carlosen senide bat hil zuen.

Biek barre egin dute eta elkarri bostekoa eman diote Galwayko (Irlandako mendebaldean) unibertsitatean. Printzea Camilla emaztearekin bertara heldu da gaur; izan ere, lau eguneko bidaia ofiziala egin behar du printzeak Irlandan.

“Bi aldeen arteko adiskidetzea indartzeko” errege-familiak Irlandako Errepublikari eta Ipar Irlandari egin beharreko bisitan, Sinn Feinek ekitaldietan parte hartuko zuela baieztatu zuen Adamsek igandean, eta Ingalaterrako printzeak bilera labur hori izatea onartu du gaur.

1920an uhartea bi jurisdikziotan zatitu zutenetik, Sinn Feingo buruzagi baten eta Erresuma Batuko errege-familiaren kide baten arteko lehen hartu-emana izan da Irlandan.

Ekitaldi sinboliko horren ondoren, Carlos eta Kornualleseko dukesa Sligo (Irlandako ipar-mendebaldean) konderrira joango dira asteazken honetan. Bertan Mullaghmore portua dago. IRAk lord Mounbatten hil zuen kostaldeko herri horretan, 1979an. Carlosen senidearen yatearen azpian lehergailu bat jarri zuen erakunde armatuak.

Erreginaren bisitaren ostean

Erresuma Batuko koroaren oinordekoak Irlanda bisitatzen duen hirugarren aldia izango da. 1995ean eta 2002an ere bidaia egin zuen Carlosek, baina aste honetako bira bere amaren bisita historikoaren (2011ko maiatza) ondoren egingo du.

Isabel II. erreginaren  presentziak Londresen eta Dublinen arteko harremanen normalizazioa berretsi zuen, batez ere, Ipar Irlandako bake prozesuaren arrakastari esker.

Hala ere, orduan ekitaldietan parte hartzeari uko egin zion Sinn Feinek. Gainera, beste urtebete pasa zen Martin McGuinnes Ipar Irlandako ministrorde nagusiak (IRAko komandante ohia) erreginari bostekoa eman ahal izateko Belfasten.

Adostasun giro berri horretan, Higgins Irlandako presidenteak Londresera bidaia egin zuen 2014ko apirilean. Erresuma Batuari bisita historikoa egin zion buruzagiak, Irlandako estatuburu baten lehendabizikoa 1916an independentzia aldarrikatu zutenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea