Mundua -
Erreferenduma
Homosexualen arteko ezkontzak legeztatzea onartu du Irlandak
Boto emaileen % 62k baiezkoa eman diote homosexualen arteko ezkontzei, datu ofizialen arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Irlandak homosexualen arteko ezkontzak legeztatzea onartu du erreferendum bidez, datu ofizialen arabera. Boto emaileen % 62k baiezko botoa eman dute eta % 37,9k, berriz, kontra. Hala, erabaki hori erreferendum bidez hartu duen lehen herrialdea da.
Riona Ni Fhlanghaile boto zenbaketako arduradunak prentsaurrean adierazi duenez, guztira 1.201.607 baiezko boto eta ezezko 734.300 boto izan dira.
42 hauteskunde barrutietatik 41etan baiezkoa nagusitu da, tartean, Dublinen. Gainera, Irlandako hiriburuko auzo batzuetan botoa eman dutenen % 74 homosexualen arteko ezkontzen alde agertu dira.
Parte-hartzea % 60,5ekoa izan da eta, orotara, 13.818 boto baliogabe zenbatu dituzte.
Baietzaren garaipena baieztatuta, Irlandako Konstituzioaren 41. artikuluan jasoko da sexu bereko pertsonen arteko ezkontza. Horren ondorioz, ohiko ezkontzari eskainitako babesa izango du homosexualen artekoak.
Abortuaren kontrako taldeek, muturreko kontserbadoreek eta Eliza Katolikoak diotenez, ezkontza hori familia tradizionalaren aurka doa, adopzio prozesuak nabarmen aldatuko dute, eta adingabeen eskubideak murriztuko ditu.
Irlandako Errepublikak Harreman Zibileko legea aldarrikatu zuen 2010ean, sexu bereko bikoteei aitorpen legala eskainiz. Hala ere, harreman horiei "ezkontza" deitzea saihestu zuen orduan Irlandak.