Mundua -

FIFA

Putin: 'Mundiala Errusiara ez ekartzeko ahalegina dago atzean'

Frantziak, bestalde, ostiralean FIFAko presidentea aukeratzeko egitekoak diren hauteskundeak atzeratzea eskatu du. Erresuma Batuak, berriz, "FIFAren bihotzean zerbait gaizki dago", salatu du.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea. EFE.
Vladimir Putin, Errusiako presidentea. EFE.
Vladimir Putin, Errusiako presidentea. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Joseph Blatter FIFAko arduradun nagusiari babesa eskaini dio gaur, eta Ameriketako Estatu Batuei bere eskumenak "gehiegikeriaz" erabiltzea leporatu die, ostiralean FIFA nazioarteko futbol federazioko presidentea aukeratzeko egin behar zuten bozketan "eragiteko".

Putinen iritzian, AEBk eskatuta Suitzan atzo ustelkeriaren aurka egin zen polizia operazioaren atzean Washingtonek "bere jurisdikzioa bere mugetatik kanpora zabaltzeko" egin duen "beste ahalegin garbi bat" dago. Estatu Batuek "ez dute zerikusirik" horrekin, eta, beraz, atzoko atxiloketak "arraroak" behintzat badirela esan du presidente errusiarrak.

"Ez dut zalantzarik, Blatter berriro FIFAko presidente izendatzea galarazteko ahalegin bat da operazioa, eta hori nazioarteko erakundeen funtzionamendu irizpideen urraketa larria da", esan du Putinek.

Blatterek FIFAren buruzagitzan jarraitzea publikoki babestu du Putinek. Ali Bin Al Hussein Jordaniako printzeak ere hautagaitza aurkeztu du Nazioarteko Futbol Federazioaren Presidentetzarako. Errusiako presidentearen arabera, Blatter "presioen biktima" izan da,  Errusia izendatzeagatik 2018ko Munduko Txapelketarako egoitza. Horren iritzian, Munduko Txapelketa Errusian ez jokatzea bultzatu nahi dute atxiloketok.

FIFAren lana, zalantzan

Bestalde, Philip Hammond eta Laurent Fabius, Erresuma Batuko eta Frantziako atzerri ministroek, hurrenez hurren, zalantzan jarri dute FIFAren lan egiteko modua.

"FIFAren bihotzean zerbait gaizki dago, eta nazioarteko futbolak erreforma behar du", esan du Hammondek BBC kateari eskainitako elkarrizketa batean. Atsekabetuta agertu da buruzagi frantziarra, FIFAk izen ona galdu duelako.

Fabiusek, berriz, France Inter Radio irrati-katean hitz egin du gai horri buruz goizean. Ostiralerako deituta dauden hauteskundeak atzeratzearen alde agertu da, "zentzuzkoena" hori litzatekeela argudiatuta.

Azken urteotan, FIFA "ustelkeria salaketak gainetik kendu ezinik" dabilela esan du Frantziako atzerri ministroak, eta erakundearen barruan gertatzen ari dena argitzeko garaia dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea