Mundua -
Datu lapurreta
4 milioi funtzionarioren datuak jomugan AEBn, zibereraso bat dela eta
Eraso informatikoa 'hacker' txinatar batzuek egin dutelakoan dago AEBko Gobernua.
Agentziak |Erredakzioa
AEBko lau milioi funtzionarioren datuak arriskuan egon litezke, abenduan izan zen zibereraso bat dela eta. AEBko agintariek orain eman dute horren berri, apirilean atzeman baitzuten Pertsonal Sailaren Bulegoaren (Office of Personnel Management, OPM, ingelesez) aurkako erasoa.
AEBko Gobernuak erasoaren erantzulea nor izan daitekeen ere zabaldu du; Txinako hacker batzuk omen daude erasoaren atzean.
"Gertakari honen ondorioz, OPMk ohartarazpena bidaliko die lau milioi funtzionariori, euren datuak arriskuan egon litezkeela eta", adierazi dute bulego honetako arduradunek.
The Washington Post egunkariaren arabera, Txinako pirata informatikoek egin dute erasoa.
AEBren kontrako eraso informatiko handiena
AEBko Gobernuaren informazioaren kontra inoiz izandako eraso handiena izan liteke gaur jakinarazi dena. Erasoaren arrazoiak zeintzuk diren eta piratek atzemandako informazioa zein izan daitekeen zehaztu nahian dabiltza orain aditu estatubatuarrak. Hacker horiek euren kontura aritu ziren edo Txinako Gobernuak aginduta aritu ziren ere argitu beharko dute.
"Oso kezkagarria da pirata informatiko hauek milaka lagunen datu pertsonalak izatea. Baina are kezkagarriagoa da honakoa ez izatea OPMren kontra egindako eraso bakarra", adierazi du Ron Johnson AEBko Senatuko Segurtasun Nazionaleko idazkariak.
OPM bulegoaz gain, Sony eta Pentagonoa ere izan dute jomugan atzerriko pirata informatikoek.
Txinak ez du zerikusirik
Txinak AEBn duen enbaxadak adierazi duenez, "arduragabekeria" da Txina horren erantzule jotzea. Enbaxadako bozeramailearen hitzetan, "harrigarria" da AEBko agintariek zabaldutakoa zibererasoen kontrako borrokan Txinak "eginahalak egin dituenean".