Mundua -
6 graduko sismoa
19 dira dagoeneko Malaysiako lurrikararen ondotik hildakoak
Lurrikarak eskualdea dardarazi zuen ostiralean, menditik jaisten edo igotzen ari ziren 200 bat pertsona zeudela. Mendiak 4.095 metroko altuera du.
Agentziak | Erredakzioa
Erreskate taldeek 17 hilotza berreskuratu dituzte Kinabalu Malaysiako menditik; hortaz, 19 dira guztira Borneo uharteko mendi horretan hildakoak, ostiralean izandako 6 graduko lurrikararen ondorioz.
Hildakoetatik gutxienez 10 Keratong International School Singapurreko hezkuntza zentroko ikasleak dira, The Star egunkariaren arabera, baina agintariek 17 hildakoren izenak baieztatu behar dituzte oraindik.
Erreskatatutako gorpuak Queen Ellizabeth Ospitaleko beilatokira eraman dituzte, Kota Kinabalun, alegia, Sabah Malaysiako estatuko hiriburuan.
Lurrikarak eskualdea dardarazi zuen ostiralean, menditik jaisten edo igotzen ari ziren 200 bat pertsona zeudela. Mendiak 4.095 metroko altuera du.
Lurrikararen ondorioz, Kinalabu menditik jaisteko bideak itxita geratu dira, hori dela eta, ehun mendizale baino gehiago ez atzera ez aurrera egin ezinik egon dira.