Mundua -

Tentsioa areagotu da

Militarrak zabaldu ditu Mexikok hauteskundeen segurtasuna bermatzeko

Azken asteetan izandako boikot-mehatxuei aurre egiteko eta igandeko hauteskundeetan segurtasuna bermatzeko asmoz, segurtasun-plana iragarri du Mexikoko Gobernuak.

Militar ugari zabalduko dituzte Mexikon, hauteskundeen bezperan. Argazkia: EFE
Militar ugari zabalduko dituzte Mexikon, hauteskundeen bezperan. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko Gobernuak iragarri duenez, Armada, Marina eta Polizia Federala zabaldu ditu igandeko hauteskundeetan segurtasuna bermatu ahal izateko, azken asteetan izandako boikot-mehatxuak areagotu ostean. Izan ere, ostiralean Guerreroko estatuan izandako liskarretan 15 zauritu izan ziren.

Gauzak horrela, operatibo nazionala abiarazi du Gobernuak, herritarrek askatasunez eta bakean boza eman dezaten. Operazio horretan Armadak, Marinak eta Polizia Federalak parte hartuko dute, eta Oaxacako estatuan bereziki izango da.

Gutxienez hamar zibil eta bost polizia zauritu dira hainbat manifestarik Poliziaren aurka eginda, Guerreroko estatuan, Hauteskunde-Institutu Nazionalerako sarrera galarazi ostean. Manifestariek harriak eta beste objektu batzuk bota dituzte, eta poliziek, berriz, gas negar-eragilea.

Bestalde, Oaxacako estatuan Hezkuntza-Langileen Koordinakunde Nazionalak hainbat ekintza egin ditu, Gobernu federalarekin dituen desadostasunak agerian uzteko asmoz. Koordinakunde horren aburuz, igandeko hauteskundeak "iruzurra" dira. Bestalde, hainbat eskaera egiten diote Gobernuari, tartean, desagertutako 43 gazteen auzia argitzea, soldatak igotzea eta 2013ko hezkuntza-erreforma bertan behera uztea.

Erakunde horretako kideak hauteskunde-batzordeak oztopatzen ari dira, eta greba mugagabea hasi dute astelehenean. Herrialde mailan, sei milioi ikasleri eragiten die greba horrek.

Lorenzo Cordova Mexikoko Hauteskunde-Institutu Nazionaleko presidenteak aitortu duenez, litekeena da 5.042 hauteskunde-mahaiak jarri ezin izatea. Hala ere, lasaitasunerako mezua bidali du Cordovak, eta dena dela, igandeak hauteskundeak egingo dituztela azpimarratu du.

83 milioi herritarrek 2.016 ordezkari publiko aukeratuko dituzte igandean.

Sindikatu-erakundeek pultsua egin diote Gobernuari. Igandeko hauteskundeetan bigarren mailako protagonistak izango dira Iguala auzia eta azken hilabeteetan izandako 20 bat lagunen hilketak (tartean, hautagaiak, aurrehautagaiak eta kanpainako kideak).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mexiko